Eliseren, Añetaren, Lukaren eta beste ikaskide batzuen istorioa kontatzen du filmak, Elsa Oliarj-Inesek, zortzi urtez, Zuberoako haurtzaroko ikastolako patioan filmatu zituen irudiekin osatuta. "Haur talde berari jarraitu dio zuzendariak, haur eskolan lehen urratsak egin zituenetik hasita Lehen Hezkuntzako azken urtera arte. Filma bitxia da, alde batetik, oso dokumentalak diren atal batzuk dituelako, hau da, zuzendaria bakarrik kamerarekin haurren munduan murgilduta, baina parte hartze zuzenagoa behar zuela konturatu zen prozesuan zehar. Rol-joko batzuen bitartez, fikzio zati batzuk sortu zituen, eta haurrekin harreman intimoa sortu zuen", azaldu du Iban Del Campok.

"Ezusteko saria"
Ahalegin handia egin zuen lantaldeak dokumentala Donostia Zinemaldian aurkezteko eta helburua lortuta, pozik daude Zinemaldian jaso duten harrerarekin: "Ederra izan da estreinakoz publikoarekin filma partekatzea, eta topikoa dirudien arren, ez nuen espero Irizar saria jasotzea, are gutxiago beste hautagaiak zein tzuk ziren ikusita, hau da, aurten Euskal Herrian egin diren aurrekontu handiko film oso interesgarriak. Gurea txikia da aurrekontu aldetik, baina anbizio aldetik handia, eta dokumentala izatea ere bada erronka. Hortaz, oso oso pozik gaude Zinemaldian abiatu dugun ibilbidearekin; izan ere, sariaz harago, erakuslehio handia izan da gure filmarentzako, horren erakusle, bereziki, zuzendariak egunotan egin dituen elkarrizketa mordoa".

"Askotariko profiletako ikusleak"
Ikusleak Zinemaldiko zinema-aretoetara eramatea izan da izan duten beste erronka bat. "Emanaldi oso bereziak izan dira, intimoak batzuk, lantaldearen eta protagonisten gertuko jendea gonbidatuta, baina profil oso ezberdineko ikusleak ere gerturatzea lortu dugu. Filmaren zabalkundera begira lan-elkarrizketa interesgarri batzuk ere egin ditugu, adibidez, Europako banatzaileekin. Interesgarria da ikuspuntu ezberdinak izatea eta konturatu gara filmak interesa sortu duela profil ezberdineko jendearengan".
Jaialdietan eta zinema aretoetan
Arrasateko ekoizleak ez du zalantzan jartzen, Donostikao ziznemalditik indartuta atera dela Txakun Txakür dokumentala. "Filma eta baita gu –lan-taldea– ere. Sariaren bultzada ikaragarria izan da. Ikusiko dugu, baina espero dugu sari horrek laguntzea publiko zabalagora heltzeko behar ditugun bidelagunak –zinema-aretoen jabeak, banatzaileak...– batzen; izan ere, gure gogoa da, areto komertzialetara gainera, beste pantaila edo gune ezberdinetara ere heltzea, esaterako, zine-klub-etara, kultura-etxeetara, ikastetxeetara..., hau da, beste mota bateko proiekzioak ere lotzea".
Oraindik ez dute zehaztuta zinema-aretoetarako estreinaldiaren eguna, baina lanean gogr ari direla gaineratu du Del Campok: "Ez daukagu oraingoz datarik, baina espero dugu data laster iragartzea. Zinema-jaialdietan ere erakutsiko dugu eta ari gara hainbatekin berbetan, baina ezin, oraingoz, zein jaialditan izango garen iragarri".