Puzzleen eta buru-hausgarrien arrakasta, Arrasateko Nagusien Astearen barruan

Jokin Bereziartua Lizarazu

PuzzleKaxa, atzo, Biteri plazan. Argazkia: Angel Garcia. 

Arrasateko Nagusien Astearen barruan, PuzzleKaxa-k ekitaldia antolatu zuen Biteri Plazan: "Ekitaldiak harrera bikaina izan zuen, jendea elkarrekin jolasten, buru-hausgarriak ebazten eta elkarlanean aritu ziren", adierazi dute Sheila Merinok eta Ander Yustek. 

Atzo, irailak 27, PuzzleKaxa izan zen protagonista Arrasateko Biteri plazan. ANAKONen Nagusien Astearen barruan, PuzzleKaxa erabat modu altruistan, puzzle eta buru-hausgarrien ekitaldi bat antolatu zuen, adinekoei zuzendua. Oraingo honetan, Marino Yuste erretiratuak antolatu du ekimena, Ander Yusteren eta Sheila Merinoren laguntzarekin: "Entretenimendura, gozamenera eta pertsonen arteko harremanak hobetzera bideratutako ekitaldia izan zen, ordu berean antolatuta zegoen martxaren alternatiba oso interesgarria. Ekitaldiak harrera bikaina izan zuen, jendea elkarrekin jolasten, buru-hausgarriak ebazten eta elkarlanean aritu ziren". 

Ander Yustek azaldu duenez "oso polita" izan zen atzokoa: "Oso polita izan zen emozioa eta irribarrea ikustea, pertsona adintsuengan poztasun eta harrotasun aurpegiak puzzle bat ebaztean". Marino Yuste erretiratuak ere aipatu zuen ekitaldia ederto egon zela: "Adinekoek estimulazioa behar dute eta, batez ere, elkartzeko eta elkarrekin hitz egiteko aitzakia bat; bakardadea gaixotasun isila izan daiteke". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak