Gaur goizean jokatu dute Amarians torneoaren bigarren aldia Mojategin. Asturiasko Asturconas, Sevillako Lacartijas, Donostiako Blasfemmes, Valladolideko Vacceas, Madrilgo Tigresas eta Arrasateko Pirolitikak taldeak izan dira torneoko parte hartzaileak. Errugbitik harago doan txapelketa bat dela erakutsi dute txapelketako jokalariek beste urtebetez, eta kirola eta lehia protagonista izan badira ere, zelaian eta zelaitik kanpo, elkartasun handia erakutsi dute parte hartzaile guztiek.
Pirolitikak taldeko Belen Aranbarrik "txapelketa zoragarria" izan dela nabarmendu du: "Oso polita izan da. Talde berriek xarma berezia eman diote txapelketari, eta iaz baino jende gehiago etorri da torneoa ikustera. Horrez gain, bolondres gehiago ere egon dira antolakuntzan laguntzeko, beraz, oso pozik".
Emaitzak, bigarren lerroan
Dena dela, partiduetako emaitzak bigarren lerroan geratu dira torneoan. Hala adierazi du Aranbarrik: "Horrelako txapelketetan jokalarien artean sortzen diren harremanak oso bereziak dira, eta azkenean guri jokatzeko eta entrenatzeko grina pizten diguna da estatuko txapelketa desberdinetara joatean lagunekin berriro ere elkartzea".
Txapelketari dagokionez, hiru taldeko bi multzotan —Kurtzetxiki eta Udalaitz— banatu dituzte taldeak lehen fasean, eta multzo bakoitzeko bi talde onenak sailkatu dira kanporaketa fasera. Torneoko lehen fasean partidu bat irabazi eta beste bat galdu ostean, finalerdietara sailkatu da Arrasateko taldea, eta Sevillako Lacartijas izan du aurkari. Partidua 1-2 amaitu da sevillarren alde. Beste aldetik, Donostiako Blassfemes taldeak 0-2 irabazi dio Valladolideko Vacceas taldeari, eta torneoko finala jokatu dute Blassfemes eta Lacartijas taldeek. Azken partidua 0-0 amaitu da, eta bi taldeak izendatu dituzte torneoko txapeldun.
Torneoko emaitzak
Guztira hamaika partidu jokatu dituzte mojategin. Honako hauek dira emaitzak:
Kurtzetxiki multzoa
- Asturconas - Lacartijas: 0-1
- Asturconas - Vacceas: 1-4
- Lacartijas - Vacceas: 1-0
Udalaitz multzoa
- Pirolitikak - Blasfemmes: 0-1
- Pirolitikak - Tigresas: 1-0
- Blasfemmes - Tigresas: 1-0
Kanporaketa fasea
- Lacartijas - Pirolitikak: 2-1
- Vacceas - Blasfemmes: 0-2
- Asturconas - Tigresas: 0-3
- Pirolitikak - Vacceas: 0-3
- Lacartijas - Blasfemmes: 0-0