Arrasateko gaiteroek jaso dute Maritxu Kajoiren inbutua

Ibai Irasuegi Garai

Maritxu Kajoi egun handiaren aurreko egubakoitzean nobenaixoa ospatzeko ekitaldia egin dute gaur arratsaldean Arrasaten. Maritxu Kajoi Komisiñoak Arrasateko gaiteroei eman die inbutua, eta, besteak beste, eskerrak eman die "horrenbeste urtez herriko jaiei doinua jartzeagatik". 

Nobenaixoa ospatzeko ekitaldiarekin batera hasi da Maritxu Kajoi eguneko atzera kontaketa. Urtero bezala, egun handiaren aurreko egubakoitzean egin dute ospakizuna, eta aurten Arrasateko gaiteroek jaso dute inbutua eta aitortza. "Gaiteroen lana aitortu nahi izan dugu haien inplikazioagatik eta jai guztietan herria musikaz girotzeagatik", adierazi du Maritxu Kajoi Komisiñoko kide Arane Ibañezek. 

Gaiteroek Iturriotz kaletik hasi eta Erdiko Kalera arteko emanaldi motza egin dute inbutua jaso aurretik, eta, behin emanaldia amaituta, Komisiñoko kideek inbutua eman die gaiteroei. Enrike Dolarak hartu du hitza aitortzan, eta inbutu preziatua jasotzea "oso berezia" izan dela adierazi du: "Urte askoan egindako lanaren ondoren, une honetan errekonozimendu hau jasotzea ohore handia izan da guretzako".

Arrasateko gaiteroak, "osasuntsu"

Pozik jarri du inbutua buru gainean Dolarak, eta nabarmendu du Arrasateko gaiteroen taldea "osasuntsu" dagoela: "Atzetik badator jendea, eta nik uste dut badaudela taldera batzeko eta zaharrenei erreleboa emateko asmoa dutenak ere".

Uraren faltan, ardoa 

Herriko plazara bertaratu direnek ez dute faltan bota iturriko ura, izan ere, ekitaldiaren ostean Maritxu Kajoi komisiñoak ardoa eta gazta eskaini die etorritako guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak