Iker Roperoren ordez zelairatu zen atzelari arrasatearrak 27 minutu jokatu zituen, eta taldeak irabazi egin zuen (1-3). Futbol profesionalean amestutako debuta egin ostean, harekin izan da GOIENA.
Astebete pasatxo igaro da Bigarren Mailan debutatu zenuenetik; barneratu al duzu lortutakoa?
Egia esan, momentu hartan sorpresaz harrapatu ninduen eta kosta egin zitzaidan barneratzea. Pixkanaka, lortu eta egin dudanaz konturatzen hasi naiz, baina oraindik ere ez dudala guztiz barneratu esango nuke.
Hiru puntuak Donostiara ekarri zenituzten. Zer moduz joan zen debuta?
Ondo joan zen. Taldeak irabazi egin zuen, eta hori izan zen onena. Urduri samar nengoen arren, oso gustura aritu nintzen.
Debutak ez zintuen sorpresaz harrapatuko, ala?
"Mondra izan da nire txikitako etxea, eta haiei esker iritsi naiz hona; oso eskertuta nago"
Denboraldiaurrean Sanseko jokalariekin entrenatzen ibili naiz, eta, taldea ikusita, nik, behintzat, zaila ikusten nuen aurten debutatzea, lehenengo jardunaldietan deialdian izan naizen arren. Andorraren aurka jokatu genuen astean, nire postu berean dabiltzan pare bat jokalari ez ziren deialdian sartu, eta bigarren taldetik jokalariak eskatu zituzten. Egia esan, ez nuen espero, baina hura izan zen debutatzeko egun aproposa.
Izan ere, Sansetik deitzen badizute ere, zeurea Realaren hirugarren taldea da; Hirugarren RFEF Mailan dabilena, ezta?
Bai, hori da. Hirugarren RFEF Mailan gabiltza. Gure helburu nagusia mailaz igotzea da, noski. Baina horretarako, taldea egitea da garrantzitsuena, eta, hortik aurrera, pausoz pauso joatea.
Sanseren deia jasotzeko ere prest egon behar da. Ohituta al zaude talde batetik bestera ibiltzera?
Goiko beharrei erantzuteko prest egon behar dugu beti. Ez dakit ohituta gauden, baina normalizatu egiten dugu horrela dela. Izan ere, aukera dugunean, aprobetxatzen saiatu behar dugu.
Premier League International Cup delakora joan zara, Ingalaterrara; 21 urtez azpiko taldearekin.
Bai; iaz ere jokatu nuen torneoa, eta finalerdietara heldu ginen. Gure gaitasunen berri emateko beste aukera bat dela uste dut, goiko taldeek egin dezakeguna ikusi dezaten; garrantzia ematen diogu, beraz. Aston Vilaren aurka aurten jokatutako lehena ez zen nahi genuen moduan irten. Ez da aitzakia bat, baina janariarekin arazoak izan genituen, eta birus batek-edo harrapatu zuen taldea. Hurrengo norgehiagoketan, egoerari buelta ematen eta hiru puntuak lortzen saiatuko gara.
Hiru txapelketetan zure aletxoa jarri nahian zabiltza, beraz.
Bai, hori da. Esaten diguten horretarako lan egin behar dugu. Pozik nabil, eta zelaian aukerak eduki ahal izatea beti da pozgarria; ez nago kexatzeko moduan, egia esan.
Badaukazu erreferenteren bat?
Nire kasuan, Sanseko atzelariengan jartzen dut arreta, gehienbat. Eurekin entrenatzen naiz batzuetan, eta lagundu ere egiten didate, gauza asko ikasten dira.
Debutaren harira, Mondrak sare sozialetan mezu polita eskaini zizun. Zer izan da Mondra zuretzat?
Ikusi nuen mezua, bai. Arrasatekoa naiz, eta lau urte inguru aritu nintzen Mondran, Realera joan aurretik, nola ez. Talde horri esker lortu dut iritsi naizen lekura heltzea. Nolabait esanda, Mondra izan zen nire txikitako etxea, eta oso eskertuta nago eurekin.
Jarraitzen al duzu taldea?
Bai, noski. Denbora dudanean, behintzat, lagunekin joaten naiz partiduak ikustera; etxetik gertu dago Mojategi.