Iaz baino bi talde gehiago izango ditu Amarians torneoaren aurtengo aldiak

Julen Murua Mesonero

Pirolitikak eta Vacceas taldeen aurkako partida, iazko Amarians torneoan.

Asturiasko Asturconas eta Sevillako Lacartijas taldeak batuko zaizkie iazko torneoan parte hartu zuten taldeei: Donostiako Blasfemmes, Valladolideko Vacceas, Madrilgo Tigresas eta Arrasateko Pirolitikak.

35 urtetik gorako amen errugbiak hitzordu garrantzitsua izango du asteburuan, Mojategin; izan ere, zapatuan, 10:30ean hasita, Amarians torneoaren bigarren edizioa jokatuko da. Errugbian jokatzeko Espainiako hainbat txokotara egindako bidaietan hasi ziren prestatzen iaz estreinatu zuten txapelketa, eta, jokalarien zein antolatzaileen artean izan zuen arrakasta ikusita, txapelketaren bigarren aldia antolatzera animatu dira Arrasateko Pirolitikak. "Arrakastatsua izan zen eta oso balorazio positiboa egin genuen. 35 urtetik gorako jokalarien errugbi txapelketa Arrasatera ekartzea oso polita eta onuragarria izan zen", adierazi du Pirolitiken taldeko kide eta txapelketaren antolakuntzan diharduen Belen Aranbarrik.

Bi talde gehiago

Lau taldeko txapelketa jokatu zuten iaz, eta Donostiako Blasfemmes, Valladolideko Vacceas eta Madrilgo Tigresas gonbidatu zituzten Mojategira. Bada, aurten ere talde horiek ez dute hutsik egingo, eta Aranbarrik onartu du Pirolitikek gonbidapena bidali aurretik txapelketan jokatzeko eskaera egin zietela arrasatearrei urtean zehar jokatutako txapelketetako baten: "Joan den denboraldiko azkenengo topaketan, Valladoliden, guk eurei gonbidapena egin aurretik, Amariansen bigarren torneorako eurak kontuan izateko esatera etorri ziren. Guk ere ez geneukan garbi txapelketaren bigarren edizioa antolatzearena, baina gainontzeko taldeek parte hartzeko erakutsi ziguten gogoak bultzatu gintuen txapelketa bigarrenez egitera".

Aurten, gainera, berritasun gisa, lau taldeko txapelketa izatetik sei taldekoa izatera igaroko da torneoa. Hala, lehenengo edizioan jokatu zuten lau taldeei batuko zaizkie Sevillako Lacartijas eta Asturiaseko Asturconas taldeak. Lacartijas taldekoekin "oso harreman ona" dute Pirolitikek, eta Sevillan urtero antolatzen duten topaketara joaten dira arrasatearrak. Asturconas taldekoei dagokienez, hango lau taldeko jokalarien nahasketa batetik sortutako taldea da; hortaz, jokalari batzuk bai, baina guzti-guztiak ez dituzte ezagutzen. Talde kopurua handitzean "igerilekura salto" egin behar izan dutela dio Aranbarrik. Printzipioz, gainera, kopurua bere horretan mantentzea da asmoa: "Helburua ez da urtetik urtera talde gehiagok osatutako txapelketa bat sortzea. Zelaiko instalazioek ahalbidetuko lukete hori egitea, baina bailarako azpiegiturak direla-eta ez litzateke lekurik egongo pertsona horiek guztiak Debagoienean sartzeko".

Garapen modalitatea

Amariansen parte hartuko duten jokalari guztiek garapen modalitatean jokatzen dutenak izan beharko dute, antolatzaileek garbi dutelako "ezin direla nahastu lehiaketa eta garapen modalitateetan jokatzen duten errugbilariak". Izan ere, garapen modalitateko araudiarekin jokatuko da torneoa.

Goizean goiz hasita, lehenengo fasean bi multzo osatuko dituzte: Akerbeltz eta Udalaitz. Multzo bakoitzean hiruna talde egongo dira, eta guztiek guztien aurka jokatuko dute. Multzo bakoitzeko lehenengo sailkatuak zuzenean igaroko dira finalaurrekoetara; bigarren eta hirugarren postuetan bukatu dutenek, berriz, final-laurdenetako partidua jokatuko dute. 12:30ean jokatuko da finala.

ARTren aurkezpena

Amarians "errugbi txapelketa soil batetik harago" doala diote antolatzaileek: "Errugbi soziala bultzatzen dugu. Emakumeen ahalduntzeari eta 35 urterekin halako kirol berri baten hasteko kapaz izateari ematen diogu balioa". Torneoa zapatuan jokatzen den arren, egubakoitzetik domekara arteko egitaraua prestatzen dute. Aurten, berritasun gisa, ARTk urtero egiten duen taldeen aurkezpen eta argazki ofizialera gonbidatu dituzte Amariansen parte hartuko duten taldeak, "txapelketari merezi duen garrantzia emateko". Zapatuan, txapelketaren ostean, "hirugarren zatia" egingo dute lehenengo, eta bazkaria, gero. Bazkalostea "nahi adina luzatzeko aukera" izango dute parte hartzaileek, eta ilunkeran, 20:00etan, sari banaketa eta mokadutxoa egiteko elkartuko dira. Domekan bukatuko dute asteburuko egitaraua, Euskal Herriko txokoak bisitatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak