Mariasun Landa: "Zahartzeko modu berriak etorriko dira eta horiekin batera aurrera egiten ikasi behar dugu"

Ibai Irasuegi Garai

Anakon-ek antolatzen duen Nagusien Astearen bueltan, Mariasun Landak (Errenteria, 1949) 'Egunaren adinak, zahartzaroa hizpide' hitzaldia egingo du eguenean, urriak 1, Kulturaten. Nagusien Asteko ekitaldi nagusienetako bat izango da, eta Arrasateko Udal Bibliotekak antolatu du.

Zer alorretatik landuko duzu gaia hitzaldian? 

Baina alderdi desberdin batzuetatik helduko diot hitzaldiari. Alde batetik, modu subjektibo batean: aztertuko dut nola bizi dugun bakoitzak bere adina; hori ez baita bat ere erraza. Eta ondoren, adinaren sentimenduaren inguruan hitz egingo dut. Horren inguruan poema bat idatzi nuen duela urte batzuk, eta hori ere irakurriko dut hitzaldian. 

Baita ere, alde pertsonaletik at, gaiaren alderdi soziala aztertuko dugu. Izan ere, gero eta zahar gehiago gaude, eta hori indargune bat izan beharko litzateke. Askotan iruditzen zaigu pertsona nagusiek ez dakitela oso ondo zer egin zahartzaroan; belaunaldi berrietara ez direla ondo egokitzen. Baina ohartu behar gara gero eta indar gehiago daukagula demografikoki eta ekonomikoki. 

"Pertsona nagusiok aitzakiak behar ditugu elkarrekin esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko"

 

Nolakoak iruditzen zaizkizu Nagusien Astea bezalako ekimenak?

Uste dut helduok edo nagusiok aitzakiak behar ditugula elkarrekin esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Espazio batzuk sortzea aitzaki bat izan daiteke, eta hori oso ondo iruditzen zait. Okerrena izango litzateke norberak bere burua isolatzea burbuia batean egongo balitz bezala, pentsatuz; ni ez naiz horiek bezalakoa, ni desberdina naiz. Hori tranpa bat da. 

Nola ulertzen duzu zahartzaroa?

"Zahartzaroa" hitza oso zabala da, eta hitza bera errepikatzean ez da ezer esaten. Nik hitz trampa bat dela diot, izan ere, mila esanahi ezkutatzen ditu atzean.

Eta zein da hitzaldiaren helburua?

Nire helburua da pertsona nagusiei jakitera ematea ikasi daitekeela zahartzen. Horretarako, autore batzuen obrak eta bizipenak proposatuko ditut. Rita Levi-Montalcinirena demagun. Baita nire gustoko beste autore batzuenak ere. Kontua da gero eta gehiago izango garela, eta ikusi behar dugu ea zer nolako aldaketak ekarriko dituen horrek. Gizartean, ekonomian, politikan... puri-purian dagoen gai bat da. 

"Nire helburua da pertsona nagusiei jakitera ematea ikasi daitekeela zahartzen"

Hori aldarrikatzeko beharra badagoela ikusten duzu?

Badirudi hirugarren adina ia ez dela ezer, eta arrazoi asko daude erakusteko hor badagoela indar asko duen sektore haundi bat. Gainera, badaude hori aldarrikatzen duten borroka modelo batzuk; gure belaunaldiarekin bat egiten duen dinamika eta espiritu borrokalari bat. Zahartzeko modu berriak etorriko dira eta horiekin batera aurrera egiten ikasi behar dugu.

Nola heldu zara konklusio horretara?

Norberak bere bizitza egin behar du ahal duen bezala. Ni animatu naiz idaztera nik zahartzaroa bizi dudan modua: unibertsitatea utzi nuen 65 urterekin, baina une askotan ez dakit bereizten nire bizitza. Jarraitu egin dut hitzaldiak eta ikastaroak ematen, irakurtzen jarraitzen dut… Esan nahi dudana da hasi nintzenean zahartzaroaz pentsatzen, nire buruari galdetu niola: nola bizitzen dugu adina? Gure esku ez dagoen zerbait da adina.

Horren bueltan idatzi nuen Egunaren adinak liburua, eta azaltzen dut nola ni esnatzen naizenean sentitu naitekeen 80 urteko pertsona bat, eta eguerdi partean 40 urte inguruko bat. Liburuan, norberaren ikuspegi pertsonal horretan egiten dut azpimarra. Izan ere, gure inguruko pertsonak dira ispiluak. Haiek itzultzen digute gure adina, eta denbora, zenbakia bera, ostiko haundi bat da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak