Txarly Usherrek irekiko du Kooltur Ostegunak ekimenaren denboraldi berria

Gontzal Belategi Zubia

Txarly Usher y las canciones asesinas taldeko kideak.

Hurrengo astean emango dio hasiera Kooltur Ostegunak ekimenak denboraldi berriari. Txarly Usher y las canciones asesinas  izango dira lehenak Arrasateko gaztetxeko oholtzara igotzen.

Guztia prest dute Kooltur Ostegunak ekimeneko kideek beste denboraldi bat hasteko. Datorren ostegunean, hilak 1, izango da hasiera hori, eta, antolatzailek azaldu dutenez, aurreko denboraldiko molde beretan itzuliko da ekimena. Horrenbestez, kontzertuak Arrasateko gaztetxean izango dira, 22:00etan, eta sarrerek zazpi euroko prezioa izango dute.

Punk iluna, hasteko

Euskal Herriko afterpunkaren erreferenteetako bat izan den Txarly Usher izango da lehen emanaldiko protagonista. 40 urte betetzen dira bilbotarrak bere ibilbidea hasi zuenetik, eta Europa zein Hego Amerikan hasi duen biraren barruan helduko da Arrasatera, Txarly Usher y las canciones asesinas izenpean. La Casa Usher eta Los Carniceros del Norte bezalako taldeekin jorratutako punk iluna berrartuko du, esperientzia handiko musikariak bidelagun: Jordi Vila –bateria–, Marga Alday –baxua–, Nago Jauregi –gitarra– eta Orkatz Ira –gitarra–.

Hilabete oparoa

Beste lau emanaldi izango dira urrian: hilaren 8an, Mikel Urdangarin izango da, disko berria aurkezten; 15ean, AEBetako The Darts taldea; 22an Amorantek disko berria aurkeztuko du; eta, amaitzeko, hilaren 29an, Aiert musikari oñatiarraren txanda izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak