Iturripe kiroldegia: obrek iraun artean Musakolara pasatuko da kirol talde gehienen jarduna

Jokin Bereziartua Lizarazu

Bi ume patinetean Iturripeko kantxa estaliaren kanpotik igarotzen, eguazten arratsaldean. 

Proiektua esleitu dute irailean, eta obrak urtea bukatu aurretik hastea espero dute. Iturripe egoitza duten kirol taldeen lekualdaketek bi urte eta erdi iraungo dute, gutxienez. 

Iturripe berrirako lanak urtea bukatu aurretik hastea espero du Udalak. "Obrak martxoan atera ziren lehiaketara eta 30 milioi euroko inbertsioa biltzen dutenez, lehiaketaren epeak luzeagoak izan dira legeak hala aginduta. Irailean UTE [aldi baterako enpresen elkartzea] bati esleitu zaio kontratua eta gaur egun dokumentazio administratiboa aurkezteko epea dago zabalik. Lanek iraun artean, Iturripen egoitza duten kirol taldeen lekualdatzea datozen aste eta hilabeteetan gauzatuko da", adierazi dute ohar bidez. Bi urte eta erdi iraungo dute aldaketek, gutxienez: "Denok egiten dugu bat kiroldegi berri baten beharrarekin, eta horretarako ezinbestekoa da trantsizio-epe hau igarotzea".

Lau kirol talde, eta ikastetxeak

Gaur egungo erabiltzaile nagusiak dira Leintz Eskola Kirola (LEK), Ointxe saskibaloi taldea, Arrasate eskubaloi taldea eta Ixotu irristaketa taldea. Herriko ikastetxe batzuek ere erabiltzen dute, alegia, Iturripen burutzen dituzte euren gorputz hezkuntzako saioak: "Entrenamendu bakoitza beste lekuren batean sartzen saiatu gara, ordutegiak ahalik eta gehien errespetatuz", adierazi dute Udaleko Kirol Sailetik.

Eskubaloiarena, "kasu zailena"

Eskubaloi eta saskibaloi taldeek egiten dituzte ordu gehien Iturripen. "Eskubaloiaren kasua izan da zailena. Ordu ugari galduko dituzte Iturripeko lanen ondorioz eta gainera, Musakolakoaz gain, ez dago Arrasaten jokatzeko moduko pistarik. Inguruko herrietan begiratu ondoren, Aretxabaletako Almen ikastetxean dagoen pista berritzeko inbertsio bat egitea erabaki zen, eskubaloian entrenatzeko leku egoki bat izan dezaten. Bertan izango dituzte eskubaloikoek entrenamendu ugari", adierazi dute, ohar bidez, Udaletik.

Eskubaloi taldeko arduradunek, baina, ez dute uste Almeneko kantxa erabiltzeko moduan dagoenik: "Hasieratik erakutsi dugu borondate ona. Badakigu Musakolak beste klub batzuk ere hartu behar dituela eta ez dagoela lekurik denontzat. Baina gure jokalarien segurtasuna bermatuko duen kantxa bat behar dugu, eta gaur-gaurkoz, Almeneko kantxa ez da segurua. Esku-hartzeren bat izan da udan, baina bertan egon garenean ikusi dugu ez dagoela ondo". Almeneko kantxa egoera horretan egonda ez dutela erabiliko jakinarazi dute Udalean; zain geratu dira, gaia Udaleko Kirol Batzordetik pasatu ostean beste alternatiba bat noiz jasoko.

Musakolak ordutegi zabalagoa

Saskibaloiaren kasuan, neska zein mutilen lehen taldeek, Aretxabaletako kiroldegian entrenatu eta jokatuko dituzte partiduak. Arrasateko institutuko kantxa ere erabiliko dute entrenamenduetarako, eta Udalaren arabera, Antoñako kantxa berritu egin dute "ahalik eta ondoen" entrenatu dezaten. LEKekoek Musakolan eta Arizmendi ikastolan entrenatuko dute; Ixotuk Iturripeko frontoia erabiltzen zuen entrenatzeko, eta Musakolara mugituko dira; eta ikastetxeetako gorputz hezkuntzako saioak Uarkape eta Musakola artean banatu dira. Era berean, taldeoi begira, Musakolak ordutegi zabalago bat izango du asteburuetan.

EAJ: "Gutxienekoak bermatu"

EAJren arabera, "bereziki zaila" izango den denboraldi honetara begira, kirol espazio-alternatiboak lehenago lotu behar ziren. Bi neurri proposatu dituzte jeltzaleek, ohar bidez: Iturripe urte amaierara arte martxan mantentzea obrak hasi ez badira eta eskuragarri dauden alternatibak berehala prestatzea eta hobetzea. "Kirol espazio berrituak iritsi artean gutxieneko baldintzak bermatu behar dira; ehunka ume, nerabe eta gaztez ari gara, eta hainbat boluntarioz", dio EAJko eledun Ander Garayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak