Kulturateko aire egokitua eta klimatizazio sistema erabat berritzeko proiektua azken txanpan sartu da, Udal Gobernuak ohar bidez azaldu duenez. Hain zuzen, klimatizazio-sistema osatzen duten bi hozte-ekipoak (216 eta 106 kilowattekoak) erabat ordezkatzearen aldeko hautua egin du epe luzerako inbertsio gisa ulertuta.
Eraikineko klimatizazio-sistemak 20 urte ditu eta azken hilabeteetan zerbitzuak hainbat eten izan ditu. Udalak hainbat konponketa saiakera egin dituen arren, teknikariek egiaztatu dute antzinatasun horretako instalazio batean konponketak "oso garestiak" direla eta ez zutela "inolako bermerik" ematen epe ertain zein luzera.
Hori dela eta, 190.000 euroko inbertsioa egitea erabaki du Udal Gobernuak. "2026ko aurrekontuetan 100.000 euroko partida gordeta zegoen makina nagusia ordezkatzeko. Hala ere, azken hilabeteetan makina txikiak ere arazo teknikoak eman ditu. Ondorioz, bi makinak erabat berritzea lehenetsi dugu epe luzerako inbertsio sendo bat eginez".
Jarriko dituzten "azken belaunaldiko eta efizientzia handiko" makinak Metasys eraikinen automatizazio eta kudeaketa sisteman integratuko dira, "errendimendua eta kontsumo energetikoa uneoro kontrolatzeko".
Lanak 2027an hasiko dituzte
Lehen pausoa urriko osoko bilkuran kreditu aldaketa onartzea izango da. "Plegu teknikoak prest daude eta osoko bilkuran onartuko dugu". Ondoren, lehiaketa publikoa abiatuko du Udalak, urrian bertan. Esleipen prozesuak hiru hilabeteko iraupena izan ohi duenez, ondo bidean, urtarril amaieran hasiko dituzte makina berriak instalatzeko lanak.
Barkamenak eta eskerrak
Udako beroaldiek Kulturateko erabiltzaileengan eragindako eragozpenak direla eta, Udalak barkamena eskatu die herritarrei, "sortutako ezinegonagatik". Bide batez, eskerrak ere eman dizkie, "erakutsitako ulermen eta pazientziagatik".