Auzoko gertu dago Arrasaten ikasturte berri bati heltzeko: "Etorkina euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko espazio bat izateaz gain, bagabiltza beste kultura batzuetarako espazio ere izan dadin lanean. Dinamika erraz, polit eta dibertigarrien bidez etorkinak euskarara gerturatzen ditugu, ahalik eta modurik praktikoenean. Eguenero elkartuko gara, 10:30etik 12:00etara", dio Ekineko kide Laura Buenok.
Auzoko 2008an sortu zuten, Topaguneak eta UEMAk abiatutako azterketa-lerro batetik. 2009ko udazkenean eman zituen lehen urratsak eta 2010ean Euskal Herriko sei herritan jarri zen martxan plan pilotu gisa; tartean, Bergaran. Egun, herri bakoitzak bere errealitatera egokitzen du ekimena; Arrasatera 2017an heldu zen.
'Auzotar' profilik ez dago
Ekinen Pablo Urangako egoitzarako sarrera aldamioek ezkutatzen dute, goiko erakinean obretan ari direlako. Auzokon, egoitza barruko ekintzez gain, kalera ere irteten dira, herriko eragileak eta proiektuak ezagutzeko. Iaz, adibidez, elkarlanean aritu ziren Ereindajanekin. Auzoko, berez, ez da asko aldatu Arrasaten, Ekineko Dunixe Royoren arabera: "Gehienak harrera zerbitzutik datoz, eta HHItik (EPA) ere gutxi batzuk etortzen dira. Arrasaten jatorri askotariko jende kopurua hazi egin da, bai, baina Auzoko ez da apenas aldatu: adibidez, euskaraz dakien eta partekatu nahi duen Auzotarrak figura ez dugu lortzen. Saiatu izan gara erretiratuekin, eskoletan edota unibertsitateetan, baina ezer ez. Ez dakigu zergatik, Euskal Herri osoan gertatzen da".
Horregatik, Auzokide eta Auzotar profilak aldatu egin zituzten iaz: uler-lagunak –barruko dinamikak– eta saio komunitarioak –kanpoan egiten direnak– egingo dituzte aurrerantzean.
Gastronomia elkargune bezala
Gastronomiak ematen du elkar ezagutzeko aukera, Royoren arabera: "Janaria oso presente izan ohi dugu, gastronomiak asko batzen du. Jatorri askotariko komunitate bat osatzea oso ariketa aberasgarria da. Arrasatearrak badu bere ingurua, bere kuadrilla, baina hortik irtetea proposatzen dugu, Arrasaten badago-eta aukera beste kultura batzuk ezagutzeko. Ez dago zertan urrutira bidaiatu; askotan diogu ez dakit nora joan garela eta ez dakit zer jan dugula... Bada, Arrasaten, seguru, etxe askotan kozinatzen dena delako jaki exotiko hori".
Aissatou Laye Dia, "oso gustura"
Senegaldar jatorriko Aissatou Laye Dia arrasatearra iaz egon zen Auzoko-n: "Arrasatera heldu eta gutxira hasi nintzen. Oso gustura aritu nintzen iaz, familia txiki bat osatu genuen. Kanpotik gatozenontzat oso lagungarriak dira Auzoko moduko ekimenak; bertako hizkuntzara eta, oro har, kulturara hurbiltzen asko laguntzen digute. Ekineko langileak oso jatorrak dira, dena errazten dute; etortzeko aukera izan dudanean beti etorri izan naiz. Etorkinei gomendatuko nieke Auzoko, ikasten jarraitzeko aukera ederra delako".