I+Med kooperatibak eta Mondragonek Nanospharm S.L. aurkeztu dute, "protesietan aplika daitekeen estaldura polimerikoko teknologia garatu, industrializatu eta merkaturatu nahi duen sozietate berria", hain zuzen. Enpresa berriaren jabetza %50ekoa izatea adostu dute, gainera, I+Medek eta Mondragonek.
Protesiaren gainean "biobateragarritasun handiko estaldura bat" sortzeko gai den sistema garatzea da sortu berri duten enpresaren asmoa, "osteointegrazioa sustatuko duen estaldura, bakterioen aurkako hesi gisa jardungo duena, auto-konponketarako propietateak izango dituena eta, etorkizuneko bertsioetan, bioaktiboak modu kontrolatuan askatzeko aukera emango duena".
Nanospharmek lankidetzak duen balioa islatzen duela azaldu du Pello Rodriguez Mondragoneko presidenteak, ezagutza espezializatua enpresa-jarduera berri bihurtzeko, alegia. "Proiektuak berrikuntza biomedikoa eta industria-gaitasuna uztartzen ditu, nazioarteko ibilbidea eta balio ekonomiko eta soziala sortzeko potentziala duen sektore batean", gaineratu du.
Manu Muñoz I+Medeko presidenteak, era berean, nabarmendu du akordioak "urrats erabakigarria" emateko aukera dakarkiela, "benetako behar kliniko batetik sortutako teknologia" merkatura bideratzeko. "Nanospharmek ezagutza zientifikoa, erregulazio-esperientzia eta industria-bokazioa uztartzen ditu, protesien segurtasuna eta errendimendua hobetzeko".
Merkatuan hazteko aurreikuspena
Sektorearen aurreikuspenen arabera, protesietarako estaldura medikoen munduko merkatua 1.500 milioi dolar ingurukoa zen 2023an, eta 2030ean 2.830 milioi dolar ingurura iritsiko omen da, urteko batez beste %9ko hazkunde metatua izanda. "Nanospharmek bilakaera hori aprobetxatu nahi du, bereizgarria eta moldakorra den industria-jabetzaren bidez babestutako teknologia batekin". Teknologia hori 2030ean merkaturatzea da enpresaren aurreikuspena.