Webgune berriaren bidez, Udalak herritarrei entzuteko eta zerbitzu publikoak gerturatzeko urratsa eman du. Horren adibide nagusia, diotenez, atal berriaren sarrera da, alkatearekin zein zinegotziekin aurrez aurreko hitzorduak eskatzeko aukera zuzenarekin. "Agintaldi hasieran Udala herritarrengana gerturatzeko konpromisoa hartu genuen, eta etengabeko bilera eskaerei erantzuten egon gara azken urte hauetan. Orain, eredu berri hori sistematizatu dugu, eta herritarrei bilerak eskatzeko erraztasunak eman diegu", adierazi du Maider Morras alkateak.
"Ulerterraza eta intuitiboa"
Udal Gobernutik gaineratu dute atari berriaren erabilera-esperientzia intuitiboa eta ulerterraza izateko diseinatu dela: "Nabigazioa azkarragoa izan dadin, sarbide zuzenak sinplifikatu dira, eta Udaleko sail ezberdinetarako zuzeneko sarbidea erraztu zaie herritarrei, sail bakoitzari ikusgarritasun handiagoa emanez. Gaur egungo erabilera-ohiturei erantzunez, formatu osoa mugikorretara eta gailu desberdinetara guztiz egokituta dago".
'ArrasatenTril'-era lotuta
Azkenik, herriko kultur eta gizarte jarduera sustatzeko konpromisoz, informazio-eskaintza zabaldu egin da. Orain arte atarian soilik udal agenda agertzen zen bitartean, aurrerantzean herriko eragileen agenda ere bertan ikusgai egongo da, ArrasatenTril agendaren bitartez.