Arratsalde historikoa izan da gaurkoa Mondraterendako. Arrasateko taldeak denboraldiko lehen norgehiagoka jokatu du etxean Zierbenaren kontra, eta azken minutuetara arte erabaki gabe egon den gol festarekin hasi du abentura Bigarren B mailan. Arkaitz Riberaren mutilek 5-5 berdindu dute kategoria berriko lehen partidua, eta maila horretan ondo lehiatzeko gai direla erakutsi dute.
Mondrateren inklusibitatearen aldeko keinuarekin batera hasi da partidua kiroldegian. Ohorezko sakea egin du Autismoaren espektro nahasmenduaren Debagoieneko Elkartearen (DebaTEA) eskutik etorri den Ganix Mendibek.
Gol festa Musakolako kiroldegian
Partidua hastearekin batera iritsi dira golak. Bigarren minutuan, partiduko lehen aukera garbian apurtu dute markagailua bizkaitarrek. Orduz geroztik, defentsan askoz ere sendoago aritu da etxeko taldea. Jokin Zeziagak markagailua berdindu du 16.minutuan, ia bere atetik sartutako gol ikusgarri batekin. Jarraian, 17.minutuan, Mikel Morenok aurretik jarri du etxeko taldea, baina gutxi iraun du Mondrateren pozak. Hurrengo minutuan etxeko taldeak kontraeraso batean hutsegite bat egin du, eta bizkaitarrek, penalti bidez, ez dute hutsik egin markagailua berdintzeko.
Atsedenaldia iritsi baino lehen beste aukera garbi bat izan du Zierbenak berriro ere markagailuan aurretik jartzeko, baina penalti bat huts egin du. Berdinketarekin joan dira atsedenaldira bi taldeak.
Bigarren zatia, Mondrarentzako
Atsedenalditik bueltan, Mondraterenak izan dira jokaldi arriskutsuenak. Erraztasun handiaz iritsi dira Zierbenaren area txikira, eta berehala heldu da etxekoen hirugarren gola Jokin Rayoren eskutik. Vazquezen mutilak joku aldetik inposatu diraa markagailuan aurretik zihoaztela, baina hamaikagarren minutuan etxekoen hutsegite baten ondoren, 3-3 berdindu du kanpoko taldeak.
Partiduko minuturik onenak jokatu dira une horretatik aurrera, eta berehala heldu da Hugo Chinarroren gola. Mondrate berriro ere jarri da markagailuan gainetik, baina segundu gutxira erantzun dute bizkaitarrek, 4-4.
Partidu amaieran, hiru minuturen faltan, etxeko taldearen jokoak justizia egin du. Iker Uribarrenek ezkerkada eder batekin jarri du 5 eta 4koa markagailuan. Hala ere, Arrasateko taldeak garaipena hatz puntekin ukitu badu ere, bizkaitarrak ez dira etsi, eta partidua amaitzear zegoela 5-5ekoa jarri dute markagailuan.