Musika elektronikoaren topaleku izango da Monterron, beste urte batez

Mirari Altube Arrese

Joe Pieman aretxabaletarra musika elektronika saio batean.

Dantz Point Gipuzkoa Laboral Kutxa 2026 jaialdia uztailean abiatu zen Zumaian eta zapatuan, irailaren 19an, Arrasaten egingo du geldialdia. I’MA, Joe Pieman, Carrik eta An2an debagoiendarrak izango dira aire zabaleko jardunaldi honetako protagonista. 18:00etan abiatu eta goizaldera arte ez du etenik izango musikak Monterron parkean.

Lurraldeko espazio berezietan, musika elektronikoa, ondarea, paisaia eta komunitatea konektatzea ditu helburu Dantz Point jaialdiak. Lurraldeko bost gune hautatu dituzte aurten eta horien artean dago Monterron parkea. Hala adierazi dute antolatzaileek: "2025eko esperientziak eragin handia izan zuen udalerrian, euria egin bazuen ere; horregatik, 2026an espazioa errepikatuko da, bere zabaltasuna, hirigunearekiko lotura zuzena eta formatura egokitzeko duen gaitasuna baliatuz".

Debagoieneko DJak izango dira protagonista bertan: I’MA, Joe Pieman, Carrik eta An2an. Eta haiekin batera Fefu arituko da, Dantz Point honetako Local Circuit by @bymavelpoint ekimenaren irabazlea. 

Etenik gabeko musika saioa egingo dute horiek, 18:00etan hasi eta 03:00ak bitartean: "Elkartzeko, dantzatzeko eta eszena elektronikoa espazio eta komunitate berriekin konektatzen jarraitzeko". Sarrera debalde izango da.

Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak, Laboral Kutxarekin batera, bultzatutako proiektua da, Keler eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak