Aurten urriaren 2an ospatuko den Maritxu Kajoi jaiaren harira, Batuz Gizarte Fundazioak festa, jasangarritasuna eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen ekimena jarri du martxan. Proposamenak jaietarako jantziak prestatzerakoan bigarren eskuko modaren aldeko hautua egitera gonbidatzen du. Ekimenaren abiapuntuan hausnarketa partekatu bat dago: arropa neurriz kanpo kontsumitzeak, askotan egun bakar baterako erosten denean, ingurumen-inpaktu handia du. Erabili eta botatzeko eredu horren aurrean, Batuz Fundazioak erakutsi nahi du herriko jaietan ere berrerabilpenaren, sormenaren eta zirkulartasunaren alde egin daitekeela.
Txoko berezia hilaren 30era arte, lehengo Emausen egoitzan
Arrasateko Batuz dendak Maritxu Kajoiri eskainitako txoko berezia izango du irailaren 30era arte. Bertaratzen direnek look osoak, jantzi solteak, oinetakoak eta era guztietako osagarriak aurkituko dituzte, okasiorako arreta handiz aukeratuak. Proposamenak jaietarako look-a bilatzea esperientzia sortzaile bihurtzen du, jantzi bakoitzak aurretik beste bizitza bat eta kontatzeko istorio bat dituela gogoraraziz.
Estilismo tailerra irailaren 18an
Txoko bereziaren osagarri gisa, irailaren 18an, eguabakoitza, Maialen Uranga irudi-aholkulariak estilismo tailer bat gidatuko du. Saioan zehar, parte-hartzaileek bigarren eskuko arroparekin konbinazio berriak probatu eta euren estilo pertsonalarekin bat datozen aukerak ezagutu ahal izango dituzte, Maritxu Kajoi bakoitzak bere erara bizitzeko.
Iazko arrakastari helduta, jarraipena
Proposamenak 2025eko Maritxu Kajoiren harira garatutako esperientziari jarraipena ematen dio: "Lehen edizioak oso harrera ona izan zuen: bigarren eskuko 300 jantzi eta osagarri baino gehiago saldu ziren eta 500 pertsona inguru igaro ziren txokotik". Emaitza horiek ikusita, Batuz Gizarte Fundazioak eta Arrasateko Udalak ekimena aurten berriro antolatzea erabaki dute, eta txokoa zabalik egongo den epea luzatu dute, irailaren 30era arteko espazio iraunkor bihurtuz.