Irakaskuntza publikoko irakasle erretiratu talde baten aldarrikapen martxa Debagoienera heldu da

Larraitz Zeberio Lekuona

Adostuz elkarteko bizikleta martxako kideak Arrasateko plazan.

EAE mailan lau mila lagunetik gora elkartzen dituen Adostuz elkartearen ekimena da. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote 2012an etendako erretiro aurreratuagatiko indemnizazioak ordaintzeko.

4.545 irakasle jubilatu elkartzen ditu Adostuz elkarteak eta irailaren 6an ekin zioten Euskal Autonomia Erkidegoa zeharkatuko duen bizikleta martxa. Gasteiztik abiatu ziren eta atzo, zapatua, heldu ziren Debagoienera. Hain zuzen ere, Arrasaten egin zuten geldialdia.

 "Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Lan Hitzarmena betetzeko", azaldu du Adostuz elkarteko Juan Inazio Azkuek. "2012etik ez zaigu ordaintzen Lan Hitzarmenean ezarrita dagoen erretiro aurreratuagatiko kalte-ordaina. 2012an Legebiltzarrak Diru-aurrekontuen Legearen bitartez eten egin zuen, ez zuen ezabatu eta indarrean jarraitzen zuen jubilatu ginenean, baina etenda dagoenez ez digute ordaindu nahi. Horrela, praktikan, etetea ezabaketa bihurtu nahi dute".

Adostuz elkarteko kideek diote Diru-aurrekontuen Legea ezin dela Lan Hitzarmena bertan behera uzteko erabili. "Horrela jokatzea negoziazio kolektiboaz trufatzea da. Beste arlo ekonomikoetan aurre-erretiroak sustatzeko indemnizazioa ordaintzen da; izan ere, kalte ekonomikoa suposatzen du aurre-erretiratzeak. Gure indemnizazioak lanpostua uzteagatik kalte ekonomikoa ordaintzeko dira, gainontzeko arlo ekonomikoetan egiten den bezala (…) 2012tik borrokan gaude eta Legebiltzarrak bitan adostu zuen ordaintzeko, baina Eusko Jaurlaritzako gobernuan dauden EAJk eta PSEk ez dute bete nahi".

Protesta martxan Arrasaten egin zuen geldialdia atzo eta aurrera jarraitzen du orain.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak