Eguerdi aldera eskuter klasiko ugari izan dira ikusgai Herriko Plazan, besteak beste, Vespa, Lambretta eta Serveta markako ibilgailuak. 12:30ean ekin diote ibilbideari, eta eskuterren burrunbak arrasateko kaleetan zehar entzun dira.
Antolatzaileek adierazi dutenez, 60 lagun inguru elkartuko dira gaurko bazkarian, Udalako Larrinetxe jatetxean. Motor gaineko ibilbidea eta bazkaria amaituta, eguna ez dute hor amaituko: iluntzean Jai Scooterista egingo dute Basati tabernan. Albeta Franklin, Peru The Undertaker eta Sir Gorka arituko dira bertan.
Mondrallyren egitaraua, ordea, atzo iluntzean hasi zen. Irati tabernan parrillada egin zuten, eta ondoren Sindy Berbenas eta Total Distortion taldeen kontzertuak, eta Txepek eta Rorrok gidatutako festa izan zituzten.
Itasua IATko langileei elkartasuna
Aurtengo ibilbidean, gainera, elkartasun-keinua egingo dute. Bergarako Itasuako IATko langileen grebaren egoera dela eta, ibilbidean bertatik pasatuko dira. Bertan, grebalariei babesa eta elkartasuna adieraziko diote.