Intxorta Kultur Elkarteak antolatuta, Egiarekin Topaketak egingo dituzte beste behin Arrasaten. Ekimenak, memoria trasmitizeko helburua du, eta, horretarako, iraila baliatzen du elkarteak; izan ere, 1936ko irailaren 21etik 26ra sartu ziren faxistak Debagoienean –Elgetan izan ezik–. Arrasateko Arizmendiarrieta plazan kokatuta dagoen monolitoan gerran hildakoei omenaldia egitea "nahikoa ez zela" iritzita, egitaraua zabaltzen joan dira pixkanaka: liburu aurkezpenak, erakusketak eta hitzaldiak antolatu dituzte.
Aurtengoa berezia izango da. Alde batetik, 90 urte beteko dira hura gertatu zenetik, eta, bestetik, Intxorta Kultur Elkartearen 40. urtemuga da aurtengoa. "Debagoienean, milaka pertsonak eskubideen urraketak jasan zituzten, eta pertsona haiei hitza ematen saiatu gara gu 40 urte hauetan; ahanzturaren aurkako bidaia bat izan da", dio Intxorta Kultur Elkarteko Juan Ramon Garaik.
Askotariko jarduerak
opaketak hasteko, elkartearen 40 urteko ibilbidea jasotzen duen 40 urte memoriaren eskutik liburua aurkeztuko dute irailaren 16an, Kulturaten, 18:00etan. "Liburuak 500 argazkitan jasotzen du gure ibilbidea", azaldu du Garaik. Era berean, justiziaren gaineko hitzaldia egingo dute Iratxe Urizarrek eta Josu Ibargutxik egun eta leku berean, 18:30ean. Elkartearen urteurrenarekin jarraituz, 40 urte egia eta justiziaren alde erakusketa jarriko dute Kulturaten. Erakusketak Eneritz Tiradosen laguntzarekin egindako 40 panel inguru jasoko ditu, zazpi bloketan banatuta. Hain zuzen ere, irailaren 23an 17:30ean inauguratuko dute eta urriaren 17ra arte egongo da ikusgai.
Irailaren 24an, 27 de septiembre de 1975 liburua aurkeztuko dute Josu Ibargutxik, Rosa Garcia Alconek eta Manuel Blanco Chivitek; hori ere Kulturaten izango da, 18:30ean. Irailaren 26an, eguerdian, omenaldia egingo diete gerran eraildakoei eta desagertuei, monolitoaren aurrean. Aurten, hamazortzi izen berri gehituko dituzte, eta Debagoieneko udal guztiek adierazpen instituzionala egingo dute. Aurreskua eta lore eskaintza ere ez dira faltako. "Anbrosio Alkortaren eta Maria Areitioren bilobek ere parte hartuko dute: Alkorta, Garagartzan jaioa, Errusian nazien aurka zebilela erail zuten; Areitio, aldiz, Arrasaten atxilotu eta Oiartzunen fusilatu zuten", gaineratu du Garaik. Hilaren 29an, 19:30ean, Amaia antzokian Winnipeg ontziaren gaineko filma emango dute. Biharamunean, Egiarekin Topaketak amaitzeko, Sandy Arenas txiletarraren eskutik, ontzi haren inguruan idatzitako liburua aurkeztuko dute, Kulturaten, 18:30ean.