Brasilgo Cooperoeste kooperatibaren bisita jaso du Mundukidek aste honetan

Ibai Irasuegi Garai

Mondragon Korporazioaren Otalora jauregia bisitatu zuten atzo. Argazkia: Ibai Irasuegi.

Euskal Herriko esne kooperatiben esperientziak bertatik bertara ezagutu dituzte.

Brasilgo lankidetza programetan Mundukiderekin elkarlanetan ari den Cooperoeste esne kooperatibako kideek Arrasate bisitatu dute aste honetan. Astelehenean iritsi ziren, eta egunotan Euskal Herriko Kaiku eta Iparlat esne enpresa kooperatibak ezagutzeko eta esperientziak elkartrukatzeko aukera izan dute; baita euskal enpresa eredu kooperatiboaren historia ezagutzeko ere. "Brasilen gaudenean gure lan egiteko modua azaltzen diegu kooperatibei, baina bisita hauen bitartez hemengo lan egiteko modua ezagutzen dute bertatik bertara; eta guk kontatzen diegun horrek funtzionatzen duela erakusten diegu", azaldu du Jon Etxebarriak, Mundukideko Brasilgo Programa Kudeatzaileak.

Cooperoeste enpresak milaka nekazariren eguneko produkzioa erosten du Brasilen. Esne hori industrializatzen du ondoren hainbat produktu motatan saltzeko. Etxebarriak azaldu du enpresak zailtasun ekonomikoak izan dituela azken urteetan, eta Mundukiderekin lanean dihardute egoerari buelta bat emateko: "Azkenean enpresa oso handia da Brasilen. Horren bizirauteak esan nahi du milaka nekazariren bizitza moduak mantendu daitezkeela, hori horrela, uste dugu bisita honek balio izan dezakeela enpresaren egoera hobetzen laguntzeko".

Esne enpresetara bisitak

Cooperoeste enpresako kideek Kaiku eta Iparlat kooperatibak bisitatu dituzte astean zehar, eta esperientzia "oso positiboa" izan zela adierazi du Etxebarriak. Horri esker, euskal esne kooperatiben ereduak ezagutu dituzte, eta bisita "oso aberasgarria" izan dela adierazi du Etxebarriak: "Elkar ezagutzea oso garrantzitsua da, izan ere, izan daiteke Cooperoestek gaur egun izan ditzakeen arazoak hemen duela urte batzuk gainditu zituzten berdinak izatea".

Enpresak bisitatzeaz gain, Mondragon Korporazioaren Otalora jauregia bisitatu zuten atzo. Korporazioaren historia eta funtzionatzeko modua ezagutu zuten, bertatik bertara, Mondragon Korporazioaren eskutik.

Mundukideren bi urtean behingo topaketa Arantzazun

Mundukideko lantaldea, joan den asteko Arantzazuko topaketan.

Hilaren 2tik 4ra bitartean egin zuten Mundukideren bi urtean behingo topaketa, Arantzazun. Erakundea osatzen duten hamasei lagunak izan ziren topaketan, eta azken urteetako lana aztertu eta datozen urteetako norabidea landu zuten. Euskal Herritik Ekuadorren, Kolonbian, Brasilen eta Mozambiken garatzen dituzten programetan ari diren kideak batzeko eta elkar ezagutzeko aukera ere izan zen, eta topaketari buruz egindako irakurketa oso positiboa dela adierazi du Etxebarriak: "Askotan, kooperanteak joan eta etorri egiten direnez, une bat da programak barrutik ezagutzeko eta programetan atzerrian dauden pertsonen artean elkar ezagutzeko".

Plan estrategikoa, ardatz

Topaketaren beste ardatz nagusia 2027-2030eko Plan Estrategikoa izan zen: "Aurten, gure Plan Estrategiko berria egiten ari gara, eta bilera honek ahalbidetu gaitu, baita ere, plan horren lanketaren zati bat era parte hartzailean osatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak