Hondora taldeak abiatuko du Oreixe Akustikoa egitasmoa, bihar arratsaldean

Ibai Irasuegi Garai

19:30ean izango da, JAMEko auditoriumean; sarrerak salgai daude Internetez.

Bihar arratsaldean abiatuko dute XVIII. Oreixe Akustikoa, eta Hondora taldearen kontzertuak hasiko du formatu berriarekin datorren musika emanaldi akustikoen zikloa. Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean izango da emanaldia, 19:30ean, eta sarrerak salgai daude, bost eurotan, internetez. 2018an sortu zuten Hondora taldea Elisa Bayona abeslariak eta Ibai Gallardo gitarra joleak. Folk, pop eta rock doinuak uztartzen dituzte kantuetan, eta Euskal Herrian sona hartu du taldeak, joan den azaroan argitaratu zuten Hondoratu eta azalera irten izeneko lehen diskoari esker.

Ordutik hona, oholtzaz oholtza aritu da bikotea, diskoa aurkezteko zuzeneko emanaldiak egiten. Udan geldialdia egin du taldeak, eta, abuztuaren 28an Iruñean oholtzetara itzuli ondoren, Gallardok adierazi du bikotea "oso gogotsu" dagoela bihar JAMEko auditoriumean egingo duten emanaldirako: "Guretzat oso positiboa da talde formatuan kontzertu hau eman ahal izatea eta horrelako egitasmo baten parte izatea".

Formatu akustikoan

Diskoan grabatu zituzten kantuak joko dituzte Arrasaten, formatu akustikoan. Gallardoren iritziz, diskoa hobekien islatzen duen formatua da akustikoa, "hurbiltasuna eta epeltasuna" ematen baitio zuzenekoari: "Abesti baten bertsio akustikoak beti dira lan horren bertsio intimoenak, eta, Hondoratu eta azalera irten diskoaren kasuan, formaturik egokiena dela esango nuke; izan ere, intimitatetik abiatzen den lan bat da".

Arrasatekoa amaituta, bikoteak bi emanaldi egingo ditu 2026a ixteko. Hurrengo emanaldia Donamarian (Nafarroa) izango dira, hilaren 19an, eta Donostian joko dute urteko azken kontzertua, azaroaren 14an.

Aitor Castells, hilaren 25ean

Oreixe Akustikoaren XVIII. aldia abiatuko du Hondorak, eta beste sei emanaldi egingo dituzte azaroaren 20ra bitartean. Bigarren emanaldia hilaren 25ean izango da, eta Aitor Castells musikari, konpositore, ekoizle eta idazle menorcarraren errepertorio zabala entzuteko aukera egongo da JAMEko auditoriumean. Besteak beste, ingelesez osatutako triptikoa aurkeztuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak