Mesedeetako mojak omenduko dituzte irailaren 20an

Jokin Bereziartua Lizarazu

Ikasle ohien bisita Arrasateko Ama Mesedeetakoa ikastetxera, 2025eko irailean.

Arrasaten 134 urtez egon diren Mesedeetako mojei omenaldia egingo diete irailaren 20an, San Juan Bataiatzailearen parrokian. Gipuzkoako Bikario Nagusi Mikel Arangurenek esango du meza berezia, parrokiako abesbatzaren parte hartzearekin. Meza amaitu ostean "omenaldi xume bat" egingo diete bertaratzekoak diren 18 bat mojei. Ondoren, Ondare jatetxean bazkalduko dute. 

Elizako ondasunen administrari Fernando Laspiurrek zehaztu duenez, gaur egun Ama Mesedeetako eskolan dauden lau mojetatik bi Arrasateko beste eraikin baten geratuko dira, beste bat Gasteizera joango da eta bestea Zumarragara. Omenaldiari dagokionez, irailaren 20an, mezaren ostean ordezkari ezberdinek hartuko dute hitza: kristau eskola, Iturbide egoitza, parrokia, Udala eta ISEA kooperatibako ordezkariak dira berba egitekoak, besteak beste. Azken interbentzioa Mesedeetako Ahizpen zuzendari nagusi Julia Tajuelorena izatea aurreikusten dute antolatzaileek. "Mojek ez dute nahi handikeriarik, eta horregatik omenaldi xume bat egingo diegu 134 urteotan Arrasaten egin duten lana eskertzeko. Eskolan eta beste arloetan ibili den jendea ere gonbidatu nahi dugu, hemen izandako mojetako batzuk Arrasaten egongo direlako irailaren 20an", dio Laspiurrek. Meza eta ekitaldia 13:30erako amaituta egotea espero dute, eta ondoren Ondare jatetxean bazkalduko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak