Arrasate Eskubaloi: Segoviako topaketa berezitik, Pitxi Herreroren omenezkora

Jokin Bereziartua Lizarazu

Arrasate Eskubaloi taldean ez dago denboraldi berriaren ataria ulertzerik Pitxi Herreroren omenezko txapelketa barik; irailaren 12an sei partidu jokatuko dira Iturripen. Bestalde, oso emankorra izan da joan den asteburuan Nava de la Asuncion (Segovia) herrian izan zuten topaketa. 

Esandako moduan, irailaren 12an sei partiduko jokatuko dituzte Iturripen, Pitxi Herreroren omenezko txapelketan: infantil mailako neskek (10:00), infantil mailako mutilek (11:15) eta kadete mailako neskek (12:30) Ordiziaren aurka jokatuko dute. Arratsaldean, berriz, beste hiru partidu: gazte mailako mutilak Elgoibarren aurka (16:00), gazte mailako neskak Ordiziaren aurka (17:30) eta senior mailako mutilak Gure Auzune taldearen kontra (19:30).

Topaketa berezia Segovian

Bestalde, joan den asteburua Nava de la Asuncion (Segovia) herrian pasatu zuten talde guztiek. Nava eskubaloi kluba 50. urteurrena ospatzen ari dela baliatu zuten arrasatearrek lagunarteko partiduak jokatzeko infantil, kadete eta senior mailetan, neska zein mutiletan. Emaitzaz harago, denboraldia prestatzen joateko norgehiagokak izan ziren; eta klub barruko harremanak sendotzeko ere balio izan zuen asteburuak. Aipatzekoa da da 3.000 biztanle baino gutxiago dituen Nava de la Asuncion herriko talde nagusia Asobalen ari dela lehiatzen, profesionaletan, estatuko eskubaloiaren maila gorenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak