Lehiaketak Euskadi osoko ikastetxeetako 100 talde inguru eta 300 ikasle gazte baino gehiago bilduko ditu, droneak, kirola eta STEAM hezkuntza uztartzen dituen diziplina baten inguruan. "Drone Soccer gorabidean dagoen kirol teknologikoa da, eta dagoeneko liga aktiboak ditu 30 herrialdetan baino gehiagotan, besteak beste, Asiako hainbat herrialdetan, Ameriketako statu Batuetan, Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian. Gainera, pixkanaka, ikastetxeetako, Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako hezkuntza-programetan txertatzen ari da, STEAM ikaskuntzarako tresna gisa", azaldu dute Garaiako ordezkariek.
Finala, azaroaren 13an
Txapelketa azaroko bost jardunalditan jokatuko da. Lehenengo lauak sailkapen-jardunaldiak izango dira, eta bakoitzean gehienez 24 talde lehiatuko dira, multzoen fasean. Jardunaldi bakoitzeko lau talde sailkatuko dira azaroaren 13an jokatuko den final handirako. Talde bakoitza 12 eta 16 urte bitarteko hiru pilotuk osatuko dute. Lehiaketak epaile ziurtatuak eta puntuazio-sistema digital ofizial homologatua izango ditu.
Parte hartu nahi duten ikastetxeek izena emateko formularioa bete beharko dute, ikastetxearen, taldeen eta jokalarien datuak adierazita. Jardunaldi bakoitzean gehienez 24 talderentzako lekua egongo da, eta plazak izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dituzte.