Basoan Jolasean ekimenaren bigarren edizioan izena emateko epea zabalik dago

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Basoan Jolasean egitasmo, joan den urtean. (Irudia: Txatxilipurdi)

Txatxilipurdi elkarteak Basoan Jolasean egitasmoa jarriko du martxan bigarren urtez, Plaza Bizi proiektuaren baitan. Izen-ematea gaur, irailak 7, ireki dute eta irailaren 18ra arte egongo da zabalik. Guztira 20 saio egingo dituzte, bederatzi udazkenean eta hamaika udaberrian.

Iazko edizioak izandako harrera ona ikusita, bigarrenez egingo dute aurten Basoan Jolasean egitasmoa. Txatxilipurdik aisialdi hezitzailearen barruan kokatzen du proiektua, eta basoan hezi eta hazteak duen garrantzia du oinarrian.

Santabarbarako eta Arrasateko beste naturgune batzuek erabiliko dituzte saioak garatzeko. Ingurune naturalak abiapuntu hartuta, hainbat oinarri pedagogiko landuko dituzte: testuinguru naturalarekiko hurbilketa eta esplorazioa, ekoalfabetizazioan sakontzea, naturarekiko sentsibilitatea eta zaintzazko jarrerak, mugimendua eta jolas librea, eta adimen emozionala.

Datak eta izen-ematea

Izen-ematea gaur, irailak 7, ireki dute, eta irailaren 18ra arte egongo da zabalik. Saio guztiak eguenetan egingo dituzte, 16:45etik 18:45era, eta bi alditan banatuko dute egitasmoa.

Udazkeneko lehen saioa urriaren 1ean izango da, eta azaroaren 26an amaituko dute lehenengo zikloa. Guztira, bederatzi saio egingo dituzte –urriak 1, 8, 15, 22, 29 eta azaroak 5, 12, 19 eta 26–. Udaberriko zikloak, berriz, hamaika saio izango ditu. Martxoaren 4an hasiko da eta maiatzaren 27an amaitu –martxoak 4, 11, 1; apirilak 8, 15, 22; eta 29 eta maiatzak 6, 13, 20 eta 27– .

Udazkeneko zikloak 40 euroko prezioa izango du, eta udaberrikoak, berriz, 60 eurokoa. Izen-ematea bi modutara egin ahal izango da: Txatxilipurdiko bulegora joanda edo elkarteak horretarako prestatutako galdetegia beteta.

Gehienez 25 plaza izango dira, eta izen-emateak jasotzeko orduan hurrenkera errespetatuko dutela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak