Formatu berriarekin dator Oreixe Akustikoaren XVIII. aldia

Ibai Irasuegi Garai

Arrasateko Udal ordezkariak Oreixe Akustikoak aurkezten. (Irudia: Arrasateko Udala)

Irailaren 11tik azaroaren 20ra zazpi emanaldi izango dira JAMEko auditoriumean.

Egubakoitzean abiatuko da XVIII. Oreixe Akustikoa. Musika akustikoak Arrasate hartuko du, baina aurtengo edizioan formatuz aldatu dute egitasmoa; izan ere, kontzertu guztiak bi asteburutan egitetik, irailetik azarora bitartean egingo dituzte emanaldiak. Hala, kontzertu batetik besterako denbora tartea handitu egin dute. 

Urtero bezala, Euskal Herriko eta nazioarteko artisten askotariko emanaldiak izango dira Juan Arzamendi Musika Eskolako auditoriumean. Irailaren 11tik azaroaren 20ra bitartean egingo diren zazpi emanaldi izango ditu aurtengo edizioak. Emanaldi guztietako sarrerak dagoeneko salgai daude, bost eurotan, www.arrasate.eus atarian.

Hondora, irailaren 11n

Datorren egubakoitzean Elisa Bayona abeslariak eta Ibai Gallardo gitarristak osatzen duten Hondora taldearen kontzertuarekin hasiko da egitasmoa. 2017an sortu zuten taldea Bayonak eta Gallardok, eta rock, pop, funk eta rhythm-and-blues musika estiloak uztartzen ditu bikoteak. Taldeak iaz kaleratu zuen Hondoratu eta azalera irten izeneko lehenengo lana, eta bertan jasotzen diren kantuak Arrasatera eramango dituzte hilaren 11n. Kontzertua arratsaldeko zazpi eta erdietan izango da.

Bigarren emanaldia irailaren 25ean izango da, eta Aitor Castells musikari menorcarrak ingelesez osatutako lan triptikoa aurkeztuko du JAMEko auditoriumean. Azken hamarkadan sei album argitaratu ditu hark, hiru ingelesez eta hiru gazteleraz, eta abeslariaren errepertorio zabala entzuteko aukera egongo da hilaren 25ean, arratsaldeko zazpi eta erdietan. 

Bi kontzerturekin jarraituko du egitasmoak urrian. Batetik, hilaren 9an, Ramona's First Evil Boyfriend taldeak iaz argitaratutako EATXI azken lana aurkeztuko du Arrasaten. Andrea Pozok eta Jose Mari Unanuek osatzen dute taldea, eta folk eta pop-rock doinuak uztartzen dituzte. Bestetik, euskal proposamenetara itzulita, urriaren 23an, Sofia Fernandez gasteiztarraren Flor y Troll proiektua iritsiko da JAMEko auditoriumera. Bateria eta ahotsa uztartzen ditu gasteiztarrak, eta iazko udazkenean argitaratu zuen SAMI izeneko lehenengo lana. 

Hiru emanaldi azaroan

Hiru hilabeteko zikloa amaitzeko, azaroan hiru kontzertu gehiago izango dira. Lehenengoa azaroaren 6an izango da, eta Garazi Esnaola piano-jotzaile lizartzarrak kontzertua emango du, hamabost urteko ibilbidearen ostean, Ez gaude hemen izeneko bakarkako lehen disko intimo eta poetikoa aurkezteko.

Rob Leines musikari estatubatuarraren txanda izango da azaroaren 13an. Rock eta country musika estiloak lantzen ditu, eta 2024ean argitaratu zuen azken lana: hamar kantuk osatzen duten Headcase diskoa.

Habia, zikloa amaitzeko

Azkenik, azaroaren 20an, Ipar Euskal Herriko Habiak taldeak emango dio amaiera XVIII. Oreixe Akustikoari. Taldeak 2024an kontzertua eman zuen Oreixe Akustikoa egitasmoaren bueltan, eta, bi urteren ondoren, JAMEko auditoriumera itzuliko da, egitasmoari amaiera emateko. 

Maia Iribarnek, Elena Hairak, Amaia Hiriartek eta Maiana Aguerrek osatzen dute taldea, eta haria eta ahotsa lantzen dituzte. 2020an sortu zen proiektua, eta dagoeneko bi lan argitaratu dituzte: Animalia naiz eta 2021ean eta Omen 2026ko martxoan. Haien lanetan tradizioa eta musika garaikidea uztartzen dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak