Penaltietan irabazi du Mondrak Arrasate Hiria torneoa

Ibai Irasuegi Garai

Anaitasuna Mojategin menderatuta, Jorge Davilaren mutilek amaiera ederra eman diote aurredenboraldiari. Markagailuan 3-3ko berdinketa apurtu ezinik aritu dira bi taldeak, baina penaltietan Gari Azkoaga atezainak egindako geldialdiak markagailuan aurretik jarri du etxeko taldea, eta Iñigo Arizmendiarrietak ez du hutsik egin penaltietan 5 eta 4 koa jartzeko.

Datorren asteburuan hasiko du Mondrak liga. Eta txapelketa ofiziala hasteko bezperan, lanak ondo amaitu ditu aurredenboraldian. Etxeko torneo kuttunean, Arrasate Hirian, Anaitasunari penaltietan irabazi diote Jorge Davilaren mutilek. "Partidu borrokatua izan da eta pozik gaude egindako lanarekin", adierazi du Mondrako entrenatzaile Jorge Davilak.  

Arauzko 90 minutuetan 3-3koa egin dute, eta punturik jokoan ez egoteak ematen duen patxadarekin jokatu dute bi taldeek. Alegia, erasoaren aldeko apustua egin dute, eta Mojategira bertaratutako zaleek eskertu egin dute hori, partidu erakargarria izan delako motorrak berotzen joateko. Mondraren golak Bittor Urteagak, Jokin Perezek eta Uhaitz Apraizek egin dituzte. Birritan aurreratu dira zuri-moreak markagailuan, baina Anaitasunak ere ondo erantzun du. Torneoko irabazlea erabakitzeko penaltietara jo dute, eta bertan arrasatearrak finago ibili dira, bereziki, Mondrako atezain Gari Azkoaga, hainbat gelditu egin ditu eta. 

Jokalari nabarmenaren saria Jokin Perezendako izan da, eta kapitainak, Arizmendiarrietak jaso du garaikurra, Udaleko ordezkari Kepa Urteagaren eskutik.

Liga hasiera, gertu

Hurrengo astean hasiko du Mondrak liga Bergararen aurka, eta arerio "gogorra" bada ere, lehen partidutik "ondo hastea" oso garrantzitsua dela adierazi du Davilak: "Entrenatzailea aldatu dute baina seguru nago sendotasuna ez dutela galdu. Bergara beti izan da aurkari sendoa, hortaz, argi ibili beharko gara. Gure partetik gauzak ondo egiten saiatuko gara, eta uste dut ondo prestatzen ari garela horretarako". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak