Mikel Arregi: "Ceutako krisiak luze joko du oraindik"

Jokin Bereziartua Lizarazu

Mikel Arregi Askasibar kazetaria Ceutan, eguazteneko manifestazioan. Argazkia: Mikel Arregi Askasibar.

Abuztuaren 30etik irailaren 3ra egon da Ceutan Mikel Arregi Askasibar (Arrasate, 1985) kazetaria. Euskadi Irratirako eta Radio Euskadirako egon da bertan, Espainiako estatuan pil-pilean dagoen krisia bertatik bertara jarraitzen. Bost egunetan zehar bizitakoak arrastoa utzi du Arregirengan: "Kazetari bezala bizi izan dudan esperientzia gogorrenetako eta emankorrenetako bat izan da". 

Zein izan da zure egunerokoa Ceutan? 

06:30ak aldera iratzartzen nintzen, goizeko zuzenekoak egin irratirako eta gero kalera irteten nintzen, tenperatura hartu nahian. Pil-pilean zeuden (eta dauden) guneak bisitatu nituen: Trampolingo hondartza, Sidi Embarek auzoko meskita –emakumeak eta haurrak artatzeko gunea egokitu dutelako han– edo Loma Colmenarreko gunera –astelehenean istiluak izan ziren han–. Hori zen nire egunerokoa Ceutan; alegia, goizean batez ere immigranteekin eta Gobernuz Kanpoko Erakundeekin egon eta arratsaldean Espainiako Gobernuaren aurkako manifestazioetara gerturatu. 

Ikasgai berezirik utzi dizu kazetari bezala?

Zaharrak berri, egia esan. Sarraskijale asko ikusi dut baina ohituta nago kazetaritza politikoa egiten dudalako. Hedabide batzuetako sasi-kazetari batzuk kazetaritzatik oso urrun dauden praktiketan ikusi ditut baina niretzat ez da nobedadea, egia esan. 

Zer dakigu Ceutan gertatu denaz? Eta, bereziki, zer ez dakigu? 

Dakiguna eta ez dakiguna bera direla esango nuke. Gero eta argiago dago gerra hibrido-ekintza bat izan dela; pixkanaka irteten doazen informazioek, Espainiako Poliziaren azken txostenak kasu, hori ondorioztatzera garamatza. Baina hori bera da ez dakiguna, aldi berean; gerra hibridorako ekintzak aldez aurretik prestatuta egon ohi dira egiletza norena den ezkutatzeko. Marokoren parte-hartzea ziurra dela esan dezakegu dagoeneko; ez dakiguna da Marokok antolatu duen edo beste herrialde batzuek ere (Israel, AEB...) parte hartu duten. Hori ez dakigu, eta seguruenik ez dugula sekula jakingo. 

Beheko bideoan, Mikel Arregik grabatutako irudiak

Ze giro arnastu duzu Ceutako kaleetan? 

Galdera interesgarria da, sentsazioa dudalako Ceutan iritzi bakarra dagoela uste dugula. Alegia, eguazteneko manifestazio jendetsu horrek ordezkatzen duela Ceutako biztanleria. Eta ez da horrela. Ceuta oso leku berezia da; erdiak kristauak dira eta erdiak musulmanak. Egoera bizitzeko oso modu ezberdinak ikusi ditut; Ceutako erdigunea Espainiako beste edozein hiriren oso antzekoa da, eta hor erreakzio nagusia izan da Espainiako banderak ateratzea, Ceuta Espainia dela aldarrikatzea eta Pedro Sanchez kritikatzea. Aldiz, musulmanak nagusi diren periferiako auzo txiroetan enpatia eta elkartasun gehiago ikusi ditut immigranteekiko. Egia da denek eskatzen dutela immigranteak Marokora itzultzea, baina moduak oso ezberdinak izan dira. 

Iltzatu al zaizu Ceutako irudirik edo egoerarik? 

Domekan, Algecirasetik ferryan Ceutara heldu nintzenean, El Trampolin hondartzara joan nintzen zuzenean oinarrizkoena ikusteko, alegia, bertako egoera humanitarioa zein den jakiteko. Oso egoera penagarrian bizi dira, txaboletan eta zikinkeria artean. Oinarrizko elikadura eta higiene baldintzak ere ez dira betetzen. Horrez gain, turista kuadrilla bat ere ikusi nuen taxi batean hondartzatik alde batetik bestera immigranteak grabatzen... Egoera oso gogorrak eta oldarkorrak ikusi ditut, bai. 

Manifestazioan ere Espainiako banderak nonahi eta Espainiako Gobernuaren kontrako oihu ozenak ere etengabe, baina Marokoko erregearen aurkako lelorik ez nuen ez ikusi ez entzun, esaterako. Oso esanguratsua da hori; biztanle espainiarrak frustrazio guztia jende gizajo honengan jartzen duen bakoitzeko Marokoko agintariak poztu egingo dira... 

Ceutan lehen aldia izango zen zuretzat... 

Bai, Ceuta oso ezezaguna zitzaidan. Eta uste dut askoren kasua dela; gutako asko joaten gara Cadizko hondartzetara oporretara baina, parean egonda, bururatu ere ez zaigu egiten Ceutara joatea. Ceuta zer den ikusi ahal izan dut; hiri espainiar bat da Marokoren erdian. Alde batera Tetuan eta bestera Tanger, lehenak 300.000 biztanle eta bigarrenak milioi bat biztanle. Eta Ceuta erdian, 80.000 biztanlerekin; biztanleen erdiak musulmanak eta beste erdiak kristauak. Orain kontziente naiz Ceutan norainoko anabasa dagoen... Ceutan arazoak egongo dira etorkizunean ere. 

Ikusi dugu kazetariekiko jazarpena ere... 

Bertatik bertara ikusi nuen TVEko kazetari bati egin ziotena. Bideoa ere pasatu nion, salaketa jartzeko nahiko balu... Giroa pil-pilean dago, immigranteekin gutxieneko enpatia bat erakusten duen edozein medio jomugan dago. Pedro Sanchezen aurkako giroa inoiz baino gaiztotuago dago, gainera. Baina bai, TVEko kazetaria bizkartzainekin joan behar izan zen lanera. 

Zuk zeuk bizi izan duzu esperientzia garratzik? 

Pare bat manifestarik iraindu ninduten, baina apartekorik gabe. 

Nola kudeatu du Espainiako Gobernuak Ceutako krisia? Zer egin du gaizki bereziki? 

Oso gaizki kudeatu du krisia. Okerren egin duena izan da zuen larritasuna ez neurtzea. Immigranteen %90 lehen egunetan itzuli ziren Marokora baina geratzen den %10 ia 8.000 pertsona dira. Hala ere, ez dago datu zehatzik. Espainiako Gobernuak ez du ezer egin uste zuelako kalean dauden immigranteak itzuli egingo zirela, baina ez da hala izan. Geratu direnak dira zaurgarrienak eta pobreenak, galtzeko gutxien daukatenak. Krisiak, gainera, luze joko du oraindik; ez da aste batzuetan konponduko, eta badator negua... 

Ze ondorio ekarriko dizkio krisiak Pedro Sanchezi? 

Agerian uzten du Sanchez bera oso erreta dagoela gobernuan zortzi urte egin ostean. Oraingoan ez du krisiari behar moduan erantzuteko gaitasunik izan; pandemiarekin edo Ukrainako gerrarekin oso azkar eta fundamentuz erantzun zuen bezala, oraingoan huts egin du nabarmen. Erreta eta nekatuta daudela uste dut; gainera, azken legealdia oso-oso gogorra izan da. 

PP eta Vox-ek kontua auzitara eramango dutela esan dute eta denok dakigu Auzitegi Gorenak nola funtzionatzen duen Espainian; aurreikusten dut Sanchezek datozen hilabeteotan arazo judizialak izango dituela. 

Hauteskunde orokorrak aurreratuko ditu, beraz? 

Egoera honetan akats bat izango litzateke 2027ko uztailera arte heltzea. Behin eta berriz esan izan du legealdia agortuko duela baina ez dut uste hala izango denik. Astelehenean "aurrerapen taktiko bat" aipatu zuen... Ez du nahiko udal hauteskundeekin batera deitzea eta, beraz, nire apustua da 2027ko otsail amaieran edo martxo hasieran deituko dituela Sanchezek hauteskunde orokorrak. Baina ez dago jakiterik... Ikusiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak