Jare Urrutia Uriarte: "Munduko onenekin lehiatu nahiko nuke, baina ez dakit bideragarria izango zaigun"

Jokin Bereziartua Lizarazu

Jare Urrutia Uriarte, Rigan (Letonia), urrezko domina soinean duela. Argazkia: Erika Zuchiatti.

Europako Ne-Waza txapelketan urrezko domina irabazi berritan, nazioarteko zirkuitura "benetako jauzia" ematea da judoka arrasatearraren amets nagusia. 

Joan den asteburuan Rigan (Letonia) lortutako balentria asimilatu gabe duela jaso du GOIENAren deia Jare Urrutia Uriartek (Arrasate, 2010). EJUk (Europako Judo Batasuna) antolatutako Ne-Waza nazioarteko txapelketako borrokaldi guztiak irabazita, azaroaren 16an 16 urte beteko dituen judokak urrezko domina ekarri du 57 kilo azpikoetan.

Pasatu dira egun batzuk urrezkoa lortu zenuenetik. Nola zaude?

Sinistu barik nabil. Oso pozik nago. Uda honetan hasi naiz nazioartean, eta hau da orain arteko nire lorpenik handiena. Herri eta klub txiki batekoa izanda, hau sekulakoa da.

Hiru borrokaldiak irabazi zenituen. Nolakoa izan zen bakoitza?

Gorputzeko sentsazioak onak izan arren, oso urduri hasi nuen lehen borrokaldia. Blokeatuta hasi arren, buelta eman eta irabaztea lortu nuen. Lehena irabazteak asko lasaitu ninduen, eta oso ondo etorri zitzaidan hori hurrengo bi lehietarako. Bigarrena irabazi ostean, lau bat orduz egon behar izan nuen zain finalerako; ez nago ohituta horrenbeste itxarotera. Oso garrantzitsua izan zen kontzentrazioa mantentzea itxaronaldi hartan; finalean konfiantzarekin eta seguru irten nintzen tatamira, eta azkar irabazi nuen. Borrokaldi guztiak irabazi nituen sumisio bidez; argi nuen modu horretara lehiatu nahi nuela, eta ez puntuka.

"Borrokaldi guztiak irabazi nituen sumisio bidez; argi nuen modu horretara lehiatu nahi nuela, eta ez puntuka"

Zergatik erabaki zenuen sumisio bidez lehiatzea, eta ez puntuka?

Txapelketa horretarako nire aukera zen. Hau da, ez nuen nahi puntuka irabazi, borrokaldia gehiegi luzatzea ekarriko zukeelako nire interesei begira. Testuingurua ikusita, hobeto borroka azkarrak eta motzak izatea.

Ne-Waza txapelketa izan zen, lurreko espezialitatea. Gustura aritzen zara lurrean lehian?

Judoak bi parte ditu: batetik, zutikakoa dago, eta helburua da aurkaria lurrera botatzea; eta, bestetik lurreko zatia dago, bi aukerarekin: itotzea, besoa luxatzea edota immobilizatzea eta puntuka irabaztea. Europako Federazioak lehen aldiz antolatu du lurreko txapelketa, eta, ondo moldatu ohi naizenez, animatzea erabaki genuen.

Aita duzu entrenatzaile. Abantaila bai, baina ez da beti erraza izango...

Ez du egiteko erraza, egia esan. Aita eta entrenatzaile izatea, aldi berean; gauza asko nahasten dira... Harremana ez da beti erraza, baina uste dut ari garela elkarrekin ikasten. Sekulakoa da hau guztia aitarekin batera bizitzea, ahaztezina.

Urrezko dominaren zati bat aitarena ere bada, beraz?

Tatamian eta tatamitik kanpo, beti dago laguntzeko prest. Baina ama ere aipatu behar dut, etxeko denoi eusteko ematen duen laguntza ezinbestekoa delako. Desoreka Judo Taldeari ere eskaini nahi diot domina; judoan, klubaren laguntza eta babes barik ez zoaz inora ere.

Zer ematen dizu judoak?

2 urte nituenetik nabil judoan, eta gauza asko eman dizkit. Beti hobetzen joateko eta apur bat gehiago saiatzeko grina, adibidez. Horrez gain, diziplina, komunitatea, laguntasuna, erresilientzia eta umiltasuna ere eman dizkit; oso kirol konpletoa da.

Eta kendu al dizu ezer?

Denbora asko kendu dit, baina merezi duen sakrifizioa da.

Etorkizunerako zein helburu zehaztu dituzu, epe motzera?

Anbizioz bizi dut judoa, eta datorren urtean nazioarteko zirkuitua daukat begiz jota. Europako txapelketa batzuk lehiatu nahiko nituzke, munduko judoka onenen aurka lehiatu. Horrek, baina, dirua eta sakrifizio handia eskatzen ditu familiarentzat zein klubarentzat, eta ez dakit bideragarria izango zen. Ea babesleren bat edo beste laguntzaren bat lortzerik dugun, ezinbestekoa izango delako Europarako benetako jauzia emateko.

"Ea babesleren bat edo beste laguntzaren bat lortzen dugun, ezinbestekoa izango delako Europarako benetako jauzia emateko"

Kadete mailan diharduzu, eta etorkizun oparoa oraindik.

Kirol ibilbidearen hasieran nago. Urtebete gehiago egingo dut kadetetan, gero beste hiru urte dira junior mailan, eta ondoren etorriko litzateke senior maila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak