'Kodizia late night' antzezlana Arrasatera iritsiko da egubakoitzean

Ibai Irasuegi Garai 2026ko irailaren 3a

'Kodizia late night' antzezlanaren une bat. (Argazkia: Kultur Sharea)

Barsanti antzerki konpainiak Kodizia late night antzezlana taularatuko du bihar, egubakoitza, irailak 4, Herriko Plazan. Barsantiren azken lana da Kodizia late night, eta gaueko telebista saio baten formatuan oinarrituta dago.

Gizarteko zenbait gairekin kritikoa den umorea erabiltzen dute Juanjo Otero, Pako Revueltas eta Aritza Rodriguez antzezleek istorioa kontatzeko, eta antzinako Greziatik gaur egunera arteko denbora jauziak eginez eta abiapuntua historian zehar gutiziak ezaugarritu dituen pertsonaiak aurkeztuta, gaur egungo zeharkako hainbat gai jorratzen dituzte antzezlanean: esaterako, osasun publikoa negozio bihurtzearen kontzeptua, seguru pribatuen gainbehera eta gizartean irabazle izatearen kontzeptua. 

Uztailaren 4an estreinatu zen antzezlana, Zarauzko Miren Etxabe plazan, eta, geroztik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan dira antzezlana taularatzen. 

Debagoienera, bigarrenez

Uztailaren 11n Bergaran izan ondoren, antzerki konpainiak Debagoienera egingo duen bigarren bisita izango da biharkoa. Eta, hain zuzen, Herriko Plazan izango da emanaldia, gaueko hamarretan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak