Ohar bidez aditzera eman dutenez, Kargagailu hau Arrasateko Udalak zuzenean kudeatuko duen lehenengoa da, tokiko energia-politiketan lidergo publikoa indartzeko helburuarekin.
"Ingurumenarekiko konpromiso argia" duen proiektua
Proiektu honek "ingurumenarekiko konpromiso argia" duela adierazi dute. "Karga-puntu berria Goiener kooperatibak hornitutako energia berriztagarriarekin elikatzen da. Modu honetara, ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeaz gain, kontsumitutako energia osoa jatorri garbi eta berdetik dator".
Proiektuaren garrantzia azpimarratu du Udaleko zinegotzi Kepa Urteaga Garciak: "Biteriko kargagailua martxan jartzea gure herria jasangarriago egiteko bidean beste mugarri bat da. Trantsizio energetikoak azpiegitura publiko, irisgarri eta garbiak behar ditu, eta horixe da Goienerrekin elkarlanean lortu duguna. Herritarrei euren ibilgailuak modu jasangarrian kargatzeko aukera errealak eskaini nahi dizkiegu."
Zinegotziak, era berean, etorkizuneko asmoak ere plazaratu ditu, herriko karga-sarea hedatzen jarraitu nahi dute-eta: "Hau da gure lehen kargagailu publikoa, baina sare hau zabaltzen jarraituko dugu. Santa Teresan bigarren kargagailu bat bidean dugu, instalazio-lanak amaitzear direla, eta dagoeneko hirugarren puntu bat ere aztertzen ari gara, kokapen egokiena bilatzen."
Ezaugarri teknikoak eta karga-gaitasuna
Biteriko karga-puntuak 22kW-ko bi puntu ditu, eta horri esker aldi berean bi ibilgailu kargatzeko aukera eskaintzen du. Zerbitzuaren prezioari dagokionez, kargaren kostua 0,35 €/kW-ekoa izango da.
Karga-puntu berria erabiltzeko prozesua oso erraza da eta herritarrek aparatuan itsatsita duten informazioaren bidez jarraitu ditzakete urratsak:
1. Zunder aplikazioa deskargatu mugikorrera.
2. Erabiltzaile kontu bat sortu.
3. Ordaintzeko modua aukeratu.
4. Konektorearen datuak sartu.
5. Ibilgailua kargatzen hasteko, kargagailuak berak itsatsita duen QR kodea eskaneatu besterik ez da egin behar, aplikazioak adierazitako jarraibideei jarraituz.
