Umeendako eskaintza irail hasierara zabaltzea proposatu du Arrasateko EAJk, kontziliazioari begira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko irailaren 1a

Apar festa Jokin Zaitegi plazan, udalekuetan. Argazkia: Arrasateko EAJ.

Arrasateko EAJk ikasturtea hasi aurreko egunetarako "jarduera-programa berezi bat" aztertzea proposatu du datozen urteetarako. "Familia askorentzat konplikatuak diren egun horiek haurrentzako aukera bihurtu nahi ditugu: gozatzeko, ikasteko, elkarrekin egoteko eta iraila beste modu batean hasteko aukera izan dezaten", adierazi du jeltzaleen eledun Ander Garayk. 

Jeltzaleek ohar bidez proposatu du Udalak iraileko lehen egunetarako haurrentzako jarduera-eskaintza berezi bat martxan jartzeko aukera aztertzea, ikasturtea hasi arte familien kontziliazioa errazteko. Talde jeltzalearen ustez, urtero errepikatzen den hutsune bat dago udako oporren amaieraren eta ikasturte hasieraren artean: "Iraileko lehen egun horietan ez dago udalekurik, eta Ludoteka edo Gaztetxokoa bezalako udal zerbitzuek ere ez dute oraindik behar horri erantzuteko alternatibarik eskaintzen. Gai hau aukera gisa planteatzen dugu, datorren urteari begira orain bertan lanean hasteko. Iraila urtero iristen da, eta uste dugu garaiz antolatuz gero Arrasateko familiei benetan erabilgarria izango zaien erantzun bat eskaini ahal izango diegula”, dio Arrasateko EAJren bozeramaile Ander Garayk.

Durangoko esperientzia ardatz

Erreferentzia gisa, EAJk beste herri batzuetan garatutako esperientziak jarri ditu mahai gainean: "Durangon, esaterako, iraileko lehen egunetarako udaleku artistiko bat antolatu da, haurrei zuzenduta eta ikasturtea hasi aurretik sormenarekin lotutako jarduerak eskaintzeko. Gure ustez, antzeko formula bat aztertu eta herriaren errealitatera egokitu daiteke, Arrasatek dituen kultura, hezkuntza eta kirol baliabideak baliatuz eta Udalaren eta herriko eragileen arteko elkarlanetik erantzun bateratu bat eraikiz. Familia askorentzat konplikatuak diren egun horiek haurrentzako aukera bihurtu nahi ditugu: gozatzeko, ikasteko, elkarrekin egoteko eta iraila beste modu batean hasteko aukera izan dezaten, eta, aldi berean, familiek lana eta zaintza errazago uztartu ahal izan ditzaten", esan du Garayk. Eta gaineratu du: "Kontziliazio-politikak egunerokoa errazten duten neurri zehatzekin ere eraikitzen dira. Gure proposamena argia da: has gaitezen garaiz planifikatzen, datorren irailean Arrasateko familiek aukera bat gehiago izan dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak