Hamairugarrenez ospatu zituzten atzo Zarugaldeko jaiak. Udako oporraldia amaitzear dela, kalea giroz bete zuten beste behin ere, bizilagunek elkarrekin gozatzeko tartea hartuta.
Adin guztietako auzotarrentzako ekintzak izan zituzten egun osoan zehar. Etxeko txikienek ireki zuten egitaraua, Zeuk ein zeuk jan meriendarekin, eta ondoren bonba japoniarrak, buruhandiak eta bolo-boloa izan ziren protagonista.
Iluntzean iritsi zen eguneko hitzordu nagusietako bat: auzo afaria. Mahaiaren bueltan elkartu ziren, eta aurtengo afarian une berezia izan zuten, Emilia Paunero gogoan. Topa egin zuten aurten hil den auzotarraren omenez, Zarugaldeko jaietako alma materra izan dela gogoratuz.
Afalostean, zezensuzkoak hartu zuen kalea eta umeek gozatzeko tartea izan zuten. Ostean, musikak hartu zuen lekukoa; DJ Goikok jarritako doinuekin dantzan aritu ziren auzotarrak.