Ander Murua sasoi betean dago, denboraldi bikaina osatzen ari den arrasatearrak beste txapel bat gehitu dio bere palmaresari. B serieko Binakako txapela eta Buruz Buruko txapelketako finala jokatu ostean, Bilboko Aste Nagusia Serie B torneoko txapeldun izan da, Joseba Aldaberekin batera. Bikoteak 22-9 hartu du mendean Amiano-Morgaetxebarria.
Bi bikoteek gogor lan egin behar izan dute tanto bakoitza lortzeko, eta guztira 600 pilotakadatik gora eman dituzte. Muruak eta Aldabek defentsan erakustaldi bikaina egin dute, eta aurkariek zailtasun handiak izan dituzte tantoa lortzeko.
Aurrealdean, berriz, aukerak izan dituenean oso eraginkor aritu da Aspeko aurrelaria. Hamar tanto amaitu ditu guztira: hiru airez, lau dejadaz eta beste hiru bi paretarekin. Bere jardunak erabakigarria izan da Arrasateko pilotariaren eta Aldaberen garaipenean.
Muruak ez du denbora askorik izango ospakizunerako. Irailaren 2an itzuliko da kantxara, Gautegiz-Arteagan, Caixabank Masters txapelketaren barruan. Oraingoan, Eskiroz izango du atzelari, eta Salaberria-Morgaetxebarria izango dituzte aurkari.