Olandixo eremua berritu dute, irisgarritasuna eta oinezkoen lehentasuna ardatz hartuta

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko abuztuaren 28a

Olandixo eremua berrituta. Argazkia: TULankide.

Laboral Kutxak, Ikerlanek eta Lagun Arok bultzatuta eta Kreanek garatutako proiektuaren bidez, Arrasateko A.E.22 Olandixo eremuak itxura eta funtzionaltasun berria hartu ditu. Industrialde kooperatiboaren espazio publikoa egokitu da, segurtasuna, irisgarritasuna eta pertsonen ongizatea lehenetsiz.

Arrasateko Olandixo eremuan egindako berrurbanizazioak espazioaren antolaketa eraldatu du, erabilera erosoagoa eta seguruagoa izan dadin. Proiektuaren helburu nagusietako bat oinezkoei lehentasuna ematea izan da, ibilgailuen presentzia eta abiadura mugatuz eta mugikortasun seguruagoa sustatuz.

Horretarako, bidearen antolaketa berria diseinatu da, lehen zeuden bi espaloi estuen ordez zabalera handiagoko espaloi bakarra sortuz. Galtzadaren zabalera ere murriztu egin da, eta zoladura eta material ezberdinen erabilerarekin zeharkako erritmoak eta ibilgailuen abiadura murrizten laguntzen duten elementuak txertatu dira. Horrela, ibilgailuen eta oinezkoen arteko harremana berrantolatu eta azken horien mugikortasuna lehenetsi da.

Sarbide eta aparkaleku gehiago

Berrurbanizazioak eraikinetarako sarbideetan ere eragin du. Lekua irabazi eta sarrerei protagonismo handiagoa eman diete, sarrera eta irteerak erosoagoak, seguruagoak eta atseginagoak izan daitezen.

Bestalde, aparkaleku-plazen kopurua handitu dute, ingurunean ahalik eta hobekien txertatuta, paisaian izan dezaketen ikusmen-inpaktua gutxitzeko irizpidearekin. Horrez gain, egoteko, atseden hartzeko eta begiratzeko gune berriak sortu dituzte, "pertsonentzako topagune eta gozamenerako espazio gisa".

Azaldu dute ikuspegi teknikotik, proiektuak zoladuraren berrikuntza osoa barne hartu duela, baita zerbitzu-sareen eguneraketa osoa ere, haien eraginkortasuna eta iraunkortasuna bermatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak