Txomin Maidagan: "Kontzertu zirraragarria izan zen"

Gontzal Belategi Zubia 2026ko abuztuaren 20a

Txomin Maidagan, ezkerrean, Kursaaleko emanaldian. (Argazkia: Quincena Musical-Iñigo Ibáñez)

Donostiako Orfeoiaren zuzendari laguntzaile bezala jardun zuen atzo Txomin Maidagan arrasatearrak, Donostiako musika hamabostaldian. 2025ean eskuratu zuen postua, baina, hamabostaldian kargu horrekin jardun duen lehen aldia izan da. Emanaldirako entseguak zuzentzeaz arduratu da, eta emanaldian bertan ere hartu zuen parte, abeslari bezala.

Aurrera jarraitzen du Donostiako musika hamabostaldiak, eta gaur Oñatira helduko da Natxo de Felipe & Kuarteto Philiperenak, 19:00etan, Arantzazun, emango duten kontzertuarekin. Hala ere, hamabostaldiak aurretik ere izan du kutsu debagoiendarra. Atzo, esaterako, Euskadiko Orkestrak, Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Easo Abesbatzak eta Donostiako Orfeoiak Hector Berliozen Grande messe des morts requiema interpretatu zuen, Kursaal aretoan, Donostian (Gipuzkoa). Bertan izan zen Txomin Maidagan (2004, Arrasate) Donostiako Orfeoiko abeslari eta zuzendari laguntzailea.

Nola heltzen da bat Donostiako Orfeoira? Eta zuzendari laguntzaile izatera?
Ni 2022an heldu nintzen, abesteko. Azkenean, nire familia abesten egon da urte askotan: Gurasoak, izeba, osaba eta lehengusina ere bai. 2022an amak animatu ninduen berarekin batera joatera. Bertan abesten hastetik, aurreko urteko uztailean ofizialki zuzendari laguntzaile bezala hasi arte. Entsegu gutxi batzuetan laguntzen hasi nintzen, zuzendariak horrela eskatuta. Hortik entsegu osoak zuzentzera pasatu nintzen, eta gero postua ofizialki izatera.

Nola sentitu zinen zuzendari laguntzaile izateko proposamena jaso zenuenean?
Oso txiki sentitzen nintzen. Postua handi etortzen zitzaidanan sentsazioa izan nuen hasiera batean. Nik badakit zuzentzen, baina azkenean Orfeoia Orfeoia da, eta hasiera batean kosta egin zitzaidan ulertzea nondik zetorren proposamena. Hala ere, egia da hasiera-hasieratik oso ondo hartu nindutela, eta denbora honetan oso gustura ibili naiz, hasiera batean uste nuena baino hobeto.

"Oso txiki sentitzen nintzen. Postua handi etortzen zitzaidanan sentsazioa izan nuen hasiera batean"

Zuzentzen egon zaren denboran sumatu duzu garapen bat?
Bai, sumatu dut. Pila bat ikasi dut entsegu bakoitzean, alderdi askotan gainera. Gainera, kontuan hartu behar da ez zela izan goizetik gauera etorri zen zerbait. Entsegu bat zuzendu nuen lehen aldia 2024ko azaroan izan zela uste dut, eta zuzendari laguntzaile bezala 2025eko martxoan hasi nintzen, uztailera arte ofizializatu ez zen arren. Denbora tarte guzti honetan asko ikasi dut. Entsegu bakoitzean asko joan naiz ikasten, alderdi askotan gainera.

Orfeoiak badu, neurri batean, zapore debagoiendarra.
Horrela da, bai. Ni zuzendari laguntzailea naiz, ez naiz heltzen zuzendariorde izatera, baina, aurretik bagenuen zuzendariorde bat, Esteban Urzelai. Bera ere debagoiendarra da, Oñatikoa. Kasualitatea da Donostiako Orfeoia bezalako entitate batean bi debagoiendar egon izana horrelako karguekin.

Kursaalean egindako emanaldia. (Argazkia: Quincena Musical-Iñigo Ibáñez)

Zela joan dira Hamabostaldiko emanaldi honetarako entseguak?
Ekainean hasi ginen entseguekin, nahiz eta, askotan taularatu dugun lan hau eta gure errepertorioaren parte den. Ekainean hastearen helburua, lana ezagutu arren guztion artean nola abestu adostea zen, hau da, lana polit ipintzea. Hainbat entsegu egin genituen, errepertorioko beste lan batzuk ere entseatuz, kontzertu gehiago ere baditugulako.

Errepertorioko lan bat bada ere, horrelako oholtza baten aurkezteak presio puntu bat ekartzen du?
Noski baietz, beti da horrela. abesti sinpleago bat abestu behar bada ere gauzak ondo egin behar dira beti, eta horrek presio puntu bat dakar. Gainera, kasu honetan ez genuen bakarrik abesten, Easo Abesbatzarekin batera izan zen, eta bakoitzetik 90 pertsona inguru gindoazen, hau da, osotara 180 pertsona ginen oholtzan. Ez zen ohiko kontzertu bat, eta horrek Easokoekin ere lan egitea suposatzen zuen. Azken astean beraiekin ibili gara lanean, eta aurrez egindako guztia gerora Easokoekin adostu behar izan dugu.

"Nik, barrutik, guztia oso ondo ikusi nuen. Beti egoten da zer hobetua, noski, baina, oso kontzertu ona izan zelakoan nago. Pozik gelditu ginen guztiak"

Zer moduz joan zen emanaldia?
Kanpotik eta barrutik gauzak oso ezberdin entzuten dira, eta ezberdin sumatzen dituzu gauzak. Baliteke nik barrutik zerbait polit gelditu dela pentsatu eta gero ez izatea horrela. Hala ere, kanpotik entzun dudanagatik kontzertu ona izan zen. 300 pertsonatik gora geunden oholtza gainean, kristorena zen, eta benetan kontzertu zirraragarria izan zen. Nik, barrutik, guztia ondo ikusi nuen. Beti egoten da zer hobetua, noski, baina, kontzertu ona izan zelakoan nago. Pozik gelditu ginen guztiak.

Aurrez ere hartu duzu parte Hamabostaldian, baina, hau bereziagoa izango zen, ez?
Bai, horrela izan da. Kasu honetan, nire izenpean zihoan emanaldia, eta beste kontu bat zen. Horrek bestelako erantzukizun bat dakar berarekin. Zure izena ikusleen artean zabalduta dago, eta horrek emanaldia berezi bilakatzeaz gain, erantzukizuna nabaritzea ekarri du.

Etorkizunean ere zuzentzen jarraitzeko asmoa duzu?
Asko gustatuko litzaidake honekin jarraitu eta ahal bada bertatik bizitzea, ideala hori izango litzateke. Hala ere, oso zaila da horrela izatea; orkestra gutxi daude eta zuzendari on asko. Zail ikusten dut profesionalki bide hau hartzea, gutxienez irakasle bezala jardun gabe. Baina beno, gaztea naiz oraindik, eta badut aurrera jarraitzeko borondatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak