Arrasate Ointxek zazpigarren postuan amaitu du Azerbaijaneko mundu mailako txapelketa

Koldo Zubia Salas 2026ko abuztuaren 17a

Arrasate Ointxe, Austriaren aurkako final laurdenetako partidaren aurretik. Irudia: FIBA 3×3 Womens Series

Izar Bediak, Irene Muruak, Mama Dembelek eta Lara Gonzalezek osatutako laukoteak, multzokako fasea gainditu arren, ezin izan zuen final laurdenetan Austria garaitu. Garaipena lortu ez arren, Arrasate eta Ointxe hiruko saskibaloi modalitateko erakusleihoan kokatu dira beste behin.

Iaz Bordelen egin bezala, Sea Breezen (Azerbaijan) jokatutako FIBA 3x3 Womens Series mundu mailako txapelketan aritu dira aurten ere Smartlog Ointxeko neskak, Arrasate Ointxe ordezkatzen. Bost txapelketa –Espainiako Kopa barne–, hiru hirugarren postu –horietako, bi nazioartekoak– eta egutegiko txapelketa ospetsuenetako batzuetan presentzia izan ostean lortu zuten antolatzaileen gonbita, eta, ondo aprobetxatu dute aukera, hamasei parte hartzaileetatik zazpigarren postuan amaituz. 

Zapatuan jokatu zuten multzokako fasea, Neftchi Socar –etxeko taldea– eta Yanjing izan zituzten aurkari. Etxekoen aurka jokatutako norgehiagoka estua izan zen oso, baina 12 eta 10 galdu zuen Arrasate Ointxek, hurrengo fasera igarotzeko aukerak, partida bakarrera murriztuz. Txinatarren aurka ordea, nagusi izan ziren; Muruak eta Dembelek zortzina puntu eginda, eta defentsan sendo arituta lortu zuten final laurdenetarako txartela (18-9).

Austriaren aurka ezin

Atzokoan berriz, euren multzoko bi partidak irabaztetik zetorren Austriako selekzioa izan zuten aurrez aurre. Lehenengo minutu parekatu batzuen ostean egin zuen ihes markagailuan Austriak, eta, une batean, Ointxe bi puntura jarri bazen ere, ondo mantendu zuten errenta hori. Azkenean 18-13 amaitu zen norgehiagoka; txapelketa berriz, Herbehereek irabazi zuten.

FIBA 3x3 Womens Series txapelketako parte hartze honekin, urte hasieran emandako urratsaren fruituak jasotzen dihardu Ointxek. Izan ere, hiruko saskibaloiaren saila sortu zuten; bai emakumezkoetan eta baita gizonezkoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak