Arrasaten jaio zen 1952ko irailaren 9an, eta bizitza osoan zehar bere profil teknikoa eta bokazio politikoa uztartu zituen. Albaitaria izan zen lanbidez, eta lotura handia izan zuen tokiko eta erakundeetako politikarekin. Hogei urte ematen zituen udalbatzetan: hamasei urtez izan zen zinegotzi Anoetako Udalean eta beste lau, Arrasaten.
Bestalde, legebiltzarkide jeltzalea izan zen 1995etik 2005era. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Gipuzkoako ordezkaria ere izan zen, eta Gipuzku Buru Batzarreko kide ere bai.
Diputatu nagusiaren "atsekabea"
Rafa Uribarrenen heriotzaren berri izan bezain pronto, Eider Mendozak bere doluminak helarazi gura izan dizkie Uribarrenen familiari, lagunei eta hurbilekoei. "Atsekabe handia" adierazi du Rafa Uribarrenen heriotzagatik. Uribarren 2005 eta 2011 urteen artean Landa Garapeneko foru diputatu izan zen eta hark “gure Herriarekin eta bere garapenarekin izan zuen konpromiso handia” azpimarratu du diputatu nagusiak.
Mendozak bereziki nabarmendu du Uribarrenekin izan zuen harremana Eusko Legebiltzarrean biek partekatu zuten etapan, eta nabarmendu du “gure herriarekin eta haren garapenarekin izan zuen konpromiso handia”. Era berean, bere ibilbidea eta herrigintzari eskainitako dedikazioa gogoratu ditu, bai Arrasateko eta Anoetako zinegotzi gisa, bai legebiltzarkide eta batzarkide gisa, eta bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiko landa garapeneko arloan emandako urteetan Joxe Joan Gonzalez de Txabarri eta Markel Olano diputatu nagusiekin, hurrenez hurren.
Batzar Nagusietako presidentearen doluminak
Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrenak ere doluminak helarazi dizkie Rafa Uribarrenen familiari eta lagunei. Halaber, "elkartasunez" bat egin du Eusko Alderdi Jeltzalearekin eta batzarkide izan direnekin.