Mondragon Korporazioaren aktualitatea jasotzen duen Tu Lankide aldizkarian jasotako albistean jasotzen dira arestian aipatutako datuak. Aldizkariaren arabera "ekonomiaren bilakaerak hazkunde positiboa izan du Laboral Kutxaren eremu geografiko nagusietako jardueretan". Eta, zehazten du hiru elementuk baldintzatu dutela analisia: "Lehenik, euroguneak trakzio mugatua erakusten jarraitzen du, bereziki Alemanian eta Frantzian. Bigarrenik, inflazioa gorantz berrikusi da, energiaren eraginagatik eta prezioen osagai batzuen jarraitutasunagatik. Eta, hirugarrenik, diru-politikak ez du jada orain hilabete batzuk espero zen arintze-efektu bera eskaintzen".
Testuinguru horretan, Laboral Kutxaren irabazi garbia hazi egin da, eta 154,5 milioi eurora iritsi, 2026ko lehen seihilekoan; hau da, %6,2ko hazkundea izan du aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, eta % 12,55eko ROEa. "Emaitza horiek lortzeko, Laboral Kutxak irmoki bultzatu du bere bezeroekin, familiekin eta enpresekin duen negozioa, eta dibertsifikazio handiagoa lortu du, baita hazkunde orokor sendoa ere, arlo guztietan", azpimarratu dute. Ondorioz, kreditu-kooperatibaren negozio-bolumen osoa (balantzeko pasiboa eta aktiboa, eta gainerako baliabide bitartekotuak biltzen dituena) % 8,1 hazi da, 53.720 milioi eurora arte.
Emaitza-kontua
Seihilekoko emaitzetan, eragin oso handia izaten jarraitzen du ohiko banku-negozioaren bilakaerak. Kreditu-zorrotik datozen diru-sarreren eta pasiboko kostuen arteko diferentzia da Mondragon-eko kreditu-kooperatibaren diru-sarreren iturri nagusia. Interesen marjina 285,9 milioi eurokoa izan da, 2025eko lehen seihilekoan lortutakoa baino % 3,2 txikiagoa, aktiboen interesek eta etekinek ekarpen txikiagoa egin dutelako; izan ere, horiek oraindik ez dute jaso joan den martxotik aurrera izandako tasen igoera.