Euskadin 70.733 arau-hauste penal erregistratu dituzte 2026ko lehen sei hilabeteetan, aurreko urteko aldi berean baino %2,29 gutxiago. Horietatik, 56.436 arau-hauste presentzialak (%76) izan dira, eta 14.297 delitu informatikoak (%24). Euskadin 70.733 arau-hauste penal erregistratu dituzte 2026ko lehen sei hilabeteetan, iazko epe berean baino %2,29 gutxiago. Delitu presentzialen artean, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak dira nagusi, 39.091 kasurekin.
Gipuzkoan, %5,3ko jaitsiera
Gipuzkoan ere behera egin du arau-hauste penal guztien kopuruak. 21.565 kasu zenbatu dituzte 2026ko lehen seihilekoan, 2025eko epe bereko 22.771en aldean; beraz, %5,3ko jaitsiera izan da. Delitu presentzialak 17.677tik 16.810era jaitsi dira, eta informatikoak ere murriztu egin dira, 5.094tik 4.755era. Gipuzkoan ere ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak dira ugarienak: 11.098 kasu erregistratu dituzte, aurreko urtean baino 1.021 gutxiago.
Hala ere, zenbait delitu motatan gorakada izan da. Lesioak 1.868tik 1.952ra igo dira, eta sexu-askatasunaren aurkako delituak 189tik 225era.
Arrasaten, %19,3 gutxiago
Arrasateko datuek jaitsiera handiagoa erakusten dute. 469 arau-hauste penal erregistratu dituzte 2026ko lehen sei hilabeteetan, 2025eko epe berean baino 112 gutxiago; %19,3ko jaitsiera, beraz. Delitu presentzialak dira jaitsieraren zatirik handiena: 477tik 365era igaro dira. Ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak, esaterako, 299tik 219ra jaitsi dira. Horien barruan, ebasketak 131tik 104ra jaitsi dira, eta gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretak 41etik 37ra.
Delitu informatikoen kopurua, aldiz, 104 kasutan mantendu da. Iruzur informatikoak dira horien gehiengoa: 88 izan ziren 2025eko lehen sei hilabeteetan eta 83 aurten.
Datuen artean, lesioen gorakada ere nabarmentzen da: 43 kasutik 62ra igo dira. Horren barnean familia-eremuko tratu txarrak ere 13tik 24ra igo dira. Sexu-askatasunaren aurkako delituak, berriz, zortzitik laura jaitsi dira.
Arrasateko datuak Ertzaintzak 20.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerrientzat argitaratzen duen taulatik hartu dira. Horregatik ageri da udalerriaren datua banaka, eta Debagoieneko gainerako herrien datuak ez dira taula horretan jasotzen.