Guztira, 25 taldek eman dute izena proiektuan, eta grabaketa lanak uztailean zehar egin dituzte Hamarratz Musika Gunean. Lehenengo fasean bateria pistak grabatu ziren, eta, ondoren, egun bakoitzean, talde batek bere kanta grabatu zuen. Grabaketa prozesuaren ondoren, irailean eta urrian zehar nahasketa eta masterizazio lanak egingo dituzte. Antolatzaileen asmoa da urte amaieran bilduma disko formatuan argitaratzea.
Balorazio positiboa
Mikel Arriaran Hamarratz Musika Guneko arduradunak balorazio positiboa egin du ekimenaren inguruan. Haren esanetan, "bide aberasgarria izan da", bai musikariekin izandako harremanagatik, bai herriko eszenaren aniztasuna ezagutzeko aukera eman duelako. "Talde batzuk lehenago ezagutzen genituen, baina beste asko ez, eta horiek ezagutzeko aukera izan dugu", azaldu du Arriaranek.