Ataungo Udalaren enkarguz, dantza, musika eta bisualak bildu zituen site-specific emanaldi bat egin zuen domekan Ines Osinagak (Arrasate, 1982).
Zelako esperientzia izan da?
Ederra eta berezia; oso gustuko ditut halako emanaldiak, efimeroak izaten direlako, hau da, toki bakarrean eta egun bakarrean egitekoak, eta oso gustuko dut, era berean, gure musikarekin elizak profanatzea.
Enkarguzko lan bat izan da.
Ana Belen Garcia organo-joleak egin zidan proposamena. Ataunen dagoen organo barrokoaren bueltan egiten duten nazioarteko ziklorako ikuskizun bat sortzeko eskatu zidan, nik nahi nuen modukoa eta nahi nuen artistekin; bada, dantza, musika eta bisualak batzen dituen emanaldi bat sortu genuen Mauriziak Ez Du Inor Hil taldeko kideok. Protagonistak organoa izan behar zuela pentsatu genuen, eta XV. mendeko Milia Lasturkoren euskarazko eresia edo hileta-kanta abiapuntu hartuta narratiba bat sortu genuen, euskal konpositore ezagunen obra sakratuen eta anonimoen obra profanoekin osatutako errepertorioan.
"Organoa eta autotunea batu genituen, baita kopla zaharrak eta osagai gehiago ere"
Zelako ikuskizuna da?
Agur Jesusen Ama kantuarekin abiatu genuen, trikitiarekin eta organoarekin jota eta Garazi Egigurenek dantzatuta. Organoa eta autotunea batu genituen, baita perkusioa, panderoa eta bestelako beat-ak eta irrintziak ere emanaldian zehar, eta Dena aldatzen da kantatzen amaitu genuen, Ataungo koruarekin.
Zein beste artista izan dituzu alboan?
Ana Belen Garcia organo-jolea eta taldekide ditudan Garazi Egiguren dantzari garaikidea eta ikus-entzunezkoetan artista handia den Itziar Garaluze; aldarearen kontra eta organoaren gainean proiektatu genituen Garaluzek momentuan egiten zituen irudiak edo instalazioak.
Ze harrera izan zenuten?
Giro oso polita sortu zen. Publikoaren profila askotariko eta ederra izan zen: elizara astero joaten diren señorak; inoiz eliza batera sartu ez diren haurrak; bazeuden, era berean, gure lanen jarraitzaileak, baita organo-doinuak sekula entzun bakoak eta urtero organo ziklora joaten direnak ere. Antolatzaileen feedbacka ere oso ona izan da.
Ze beste proiektu dituzu esku artean?
Potente dator datorren ikasturtea ere. Garazi Egigurenek zuzendutako iZuloa izeneko doluari buruzko eta antzokietan eskainiko dugun ikuskizuna ari gara prestatzen, batetik; oinarrian dantza ikuskizun bat da, aspaldiko lagun Sara Sozayaren eta bion zuzeneko musikarekin eta Itziar Garaluzeren irudiekin jantzita; abenduan Tolosako Leidor antzokian estreinatuko dugu. Eta, bestetik, Itsasoa da bide bakarra abenduan taularatzeko lanean ari naiz, Kubako ahizpekin.
Dagoeneko oporretan zaude, ezta?
Bai, hala da; herenegundik irailaren 1era bitartean atseden hartuko dut. Itsasoarekin eta liburu ederrekin gozatzea da nire helburua; horiek dira nire oporretarako osagai ederrak!
Emanaldi bat eta bakarra

Ataungoa ez dute errepikatuko, baina ez dute baztertzen beste batzuk sortzea, hasi dira-eta eskaerak jasotzen. "Akaso, izango dira antzerako gehiago, baina tokian tokiko istorioekin osatutako narratibarekin eta kolaboratzaileekin izan beharko luke!".