Bi hilabeteko egonaldia egin du Velasco ardi-moztaile arrasatearrak Sardinian. Guztira 60 egunez aritu da lanean Italiako uhartean, munduko artile-mozketa kanpainarik intentsiboenetako batean, eta esperientzia "oso ona" izan dela nabarmendu du. "Sardinian lan intentsitatea egunero oso altua da". Uharteko ardi kopuruak ere lanaren tamaina erakusten du: "Sardinian pertsonako bi edo hiru ardi daude, eta guztira hiru milioi ardi inguru". Lana amaituta, udako txapelketetan eta erakustaldietan jarriko du arreta. Aurten, gainera, etxetik gertu lehiatzeko hautua egin du. "Euskal Herri mailan arituko naiz, askorik mugitu gabe", adierazi du. Azken urteetan Frantzian hainbat txapelketatan parte hartu badu ere, "Zeelanda Berriko eta Sardiniako bidaiak nekatuta utzi naute.
Euskal selekzioa, Munduko kopan
Urteko mugarri nagusia Zeelanda Berrian jokatutako Ardi Moztaileen Munduko Txapelketa izan zen. Zazpi lagunek osatutako euskal selekzioan aritu zen Velasco. Lehen aldiz lehiatu zen euskal taldea Munduko Txapelketan, eta modu "oso positiboan" baloratzen du esperientzia. Azken asteotan gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketak Euskal selekzioaren inguruko eztabaida berriz piztu du, horren inguruan Velascok harrotasunez gogoratu du bizi izandakoa. "Izugarria izan zen. Poztasun handia eta harrotasuna ematen du. Gure aurpegietan ikusten zen zein harro eramaten genuen Euskal Herriko selekzioaren kamiseta Munduko Kopa batera". Gainera, uste du ardi-moztaileen kasuak bidea ireki dezakeela beste kirol batzuentzat ere. "Guk bide bat zabaldu dugu, posible dela Euskal selekzioarekin Munduko Kopan parte hartzea. Nazioarteko kontseiluaren eta gainerako federazioen babesa lortu genuen; tartean, Espainiako Federazioarena ere bai. Gu gure bidea erakusteko eta beste kirolei laguntzeko prest gaude".
Herritarren aitortza
Arrasateko herritarren babesa ere jaso du aurten. Arrasate Kirol Sarietan Herritarren Saria eskuratu zuen, herritarren partetik boto gehien jaso zituen. "Izugarrizko poztasuna izan zen. Azkenean, herriaren botoa da, eta norbere herriaren maitasuna jasotzea sekulakoa da". Azkenik, gainerako kirolariak ere izan ditu gogoan: "Eskerrak beste kirolari guztiei ere. Nire miresmen guztia dute".