Zer balorazio egiten duzue 2025-2026ko denboraldiaz, oro har?
Gu urtarrilean hasi ginen zuzendaritzan. Oro har, denboraldi polita izan dela uste dugu. Kirol arloan, gizonezkoen talde nagusia azken unera arte igoera faserako sailkatzeko lehian egon da. Nesken senior taldea oso gaztea da, baina denboraldi ona egin du. Azpimarratzekoa da kadete mailan A eta B taldeak mailaz igo direla. Alde negatiboan, senior B taldeak kategoria galdu du. Aurten, gainera, lehen aldiz parte hartu dugu Vila-realek antolatzen duen Yellow Cup txapelketan.
Zein izan da klubaren balantze ekonomikoa?
7.000 euro inguruko galerak izan ditugu. Galerak hainbat arrazoirengatik izan dira, baina aurten Mondra Eguna berreskuratu dugu, eta larunbat hartako bazkaria doakoa izan zen 400 lagun ingururentzat. Horrek gastu handia ekarri zuen.
Eta zein izango da datorren denboraldiko aurrekontua?
295.000 euro ingurukoa.
Zeintzuk izan dira denboraldiko ekitaldi aipagarrienak?
Mondra Eguna izan da aipagarrienetako bat. Oso arrakastatsua izan zen; batez ere, larunbateko bazkaria eta ostiraleko omenaldiak. Horrez gain, Yellow Cup ere berezia izan da. Zuzendaritza aldaketa ere garrantzitsua izan zen, eta aurten hainbat jokalari Realarekin, Eibarrekin eta euskal selekzioarekin aritu direla nabarmendu dugu.
Datorren urtean Mondra Egunak jarraipena izango du?
Bai; aurtengo arrakasta ikusita, gure asmoa datorren urtean ere Mondra Eguna antolatzea da.
Mondra Egunaren eta karparen inguruan eztabaida piztu zen; nola ikusten duzue egoera?
Saiatuko gara Arrasate Rugby Taldekoekin hitz egiten eta egutegian data egoki bat adosten. Ez batak ez besteak ez dugu konfrontaziorik nahi. Mojategin elkarrekin bizi behar dugu. Gure asmoa ez da eztabaidarik sortzea; alderantziz, harreman ona izatea gustatuko litzaiguke. Mondratik mezu hau bidali nahi diegu gainerako kirol elkarteei: laguntzeko gaude, ez kontrakoa egiteko.
Nolakoa izan da zuzendaritzan lehen urte erdi hau?
Oso gogorra izan da. Mondra 600 pertsona inguruko kluba da, eta kanpotik txikiagoa dirudi; barruan zaudenean ikusten duzu benetako tamaina. Gure ekarpena egitera etorri gara; aurreko zuzendaritzak zortzi urte egin zituen eta lan bikaina egin zuen. Gu ez gara ezer berrasmatzera etorri; haien lana jarraituz gure ekarpena egin dugu. Hilabete gogorrak izan dira, baina aurrera ateratzeko gai gara.
Zeintzuk dira zuzendaritzaren helburu nagusiak?
Lehenik eta behin, zuzendaritza egonkortzea eta urte oso bat egitea. Kirol arloan, talde guztiek gutxienez mailari eustea nahi dugu, eta, hortik aurrera, hobetzen jarraitzea, bai aurrekontuan, bai jokalarien garapenean eta baita instalazioetan ere.
Instalazioak aipatu dituzu. Zergatik?
21 talde gara eta instalazioak behar ditugu. Zelai bakarra daukagu, eta errugbi zelaia, libre dagoenean. Horrek zailtasunak sortzen ditu entrenamenduak antolatzeko. Instalazio hobeekin aukera gehiago izango genituzke; lanean jarraituko dugu.
Nesken taldea egonkortzea zuen erronketako bat zen. Nola doa?
Ahalegin handia egiten ari gara taldea egonkortzeko, baina oraindik zailtasunak ditugu. Hala ere, beheko mailetatik neska gazteak datoz, eta etorkizun oparoa ikusten dugu. Lanean jarraituko dugu, nesken futbola bultzatu behar dela sinesten dugulako.