Ospitalerako sarrera, "bizpahiru hilabetez", Txaeta kaletik izango da

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 23a

Ospitaleko ohiko sarbidea, hesituta.

Debagoieneko ospitaleko eraikin berriaren obrak "erritmo onean doaz", eta kanpoko lanen ondoren, fase berri batean sartu dira uztailean. Hala, ohiko sarbidea itxita egongo da hainbat hilabetez. 

Uztaileko lehen astetik, eraikin berriaren eta gaur egungo ospitalizazio-eraikinaren arteko loturan ari dira lanean, Debagoieneko ESIk adierazi duenez. "Obren fase hori beheko solairuan eta laugarren solairuan hasi da eta, ondoren, bigarren eta hirugarren solairuetan egingo dituzte esku-hartzeak, azkenik lehen solairuko konexioari ekiteko".

Fase berri horretan, obrek "aldaketa handiak" ekarri dituztela azaldu dute, eta, batez ere, ospitalerako sarbidean eta laugarren solairuko hallean eragiten digute. "Bizpahiru hilabetez gutxi gorabehera, erabiltzaile, senide eta laguntzaileentzako sarbide bakarra Txaeta kaleko Larrialdi Zerbitzuko atetik egingo da. Tarte horretan, Onarpen Orokorreko mostradorean ematen zen arreta Larrialdietako mostradorean eta beheko solairuan bertan dagoen Onarpeneko bulego berrian emango da", nabarmendu dute.

Barkamena eskatu dute

Beheko solairuan bi eraikinak lotzeko lanak amaitu ondoren, ospitaleko sarbide nagusia irekiko dute berriro, eta "etorkizunean izango duen diseinua ikusi ahal izango dugu", diote. "Barkamena eskatzen dugu sortutako eragozpenengatik; ospitale hobea lortzeko beste urrats bat gisa ulertzea nahi genuke", gaineratu du Debagoieneko ESIk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak