3,4 tona elikagai bidali dituzte Fagorrek eta Zaporeak elkarteak Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamendura. "Pozik egoteko moduko erantzuna izan du elikagai bilketak. Fagorreko kooperatibetako kideek eginiko ekarpenari esker, iaz baino bi tona gehiago bidali ditugu. Garrantzitsua da, uda garaian izugarri hazten baita beharra; 2.000 izatetik 3.000 izatera ailegatzen da Zaporeakek egunero banatutako otordu kopurua", azaldu du Aritz Otxandianok, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Fagorrek ia 30 bilketa gune izan ditu Taldeko bederatzi kooperatibetan banatuta –Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Electronica, Onnera Group, Copreci, Fagor Ederlan, Mondragon Assembly, Galbaian eta Fagor Healthcare–. Uztailaren 1etik 13ra arte, arroza, pasta eta olioa jaso ditu horietan, hain zuzen, Zaporeakek haren beharren arabera zehaztutako produktuak. Elkarteko boluntarioek aurreko astean jaso zituzten elikagaiak Fagorreko kooperatibetatik.
Lau urteko elkarlana
Fagorrek 2022tik dihardu Zaporeak elkartearekin elkarlanean –Zaporeakek orduan jaso zuen Fagor Herrigintza lankidetza programaren laguntza–. Urte horietan, elikagai bilketez haragoko ekarpena ere egin du; besteak beste, Onnera Groupek sukalde bat eman zion dohaintzan 2023an, eta, horri esker, plater gehiago prestatu eta banatu ahal izan ditu.