Lehiaketan parte hartzeko oinarriak finkatu dituzte; aurten, berrikuntza bezala, Artgazki elkartera bidali beharko dira, eta bertan ikusi ahal izango dira parte hartzaile guztiek aurkeztutakoak. Gutxieneko baldintza batzuk jarri dituzte argazki bakoitza bidaltzeko: horizontalean aterata izan beharko dute, 250 ppp-ko bereizmenarekin. JPG formatuan bidali beharko dira eta gutxienez A4ko neurria izan beharko du bakoitzak. Horrez gain, partaide bakoitzak sei aurkeztu ahal izango ditu, gehienez ere, eta, aurkeztutakoetatik, pertsona bakoitzeko bi argazki sarituko dituzte, gehienez.
Argazkiak, Arrasaten ateratakoak
Argazkiek Arrasaten kokatuak egon beharko dute, eta bakoitzaren kokapen zehatza adierazi beharko da bidalketa unean. Arrasateko Udalak azaldu duenez, ez dute gai konkretu baten ingurukoak izan beharko, baina 2025eko urritik 2026ko irailaren 30era bitartean ateratakoak izan beharko dute: "Ondo baloratuko dira auzoetako argazkiak, edota Arrasateko aniztasuna islatzen dutenak".
Epaimahai batek adostua
Argazki sarituak Arrasateko Udaleko bi ordezkarik, Artgazki elkarteko bi kidek, Ibai-arte merkatari elkarteko ordezkari batek eta Arrasateko ostalarien elkarteko kide batek osatuko duten epaimahai batek aukeratuko ditu; haien kalitateaz gain, egutegiari koherentzia eta gorputza emateko irizpideak ere hartuko dituzte kontuan aukeraketa egiteko. Irizpide horiek jarraituz, epaimahaiak hamahiru ale aukeratuko ditu: hilabete bakoitzeko bat eta azaleko argazkia. Hain zuzen ere, lehiaketako irabazleek herriko komertzioetan gastatzeko 150 euroko bonua jasoko dute. Sariak egutegia aurkeztuko den egun berean banatuko dituzte, eta ezinbestekoa izango da saritua edo ordezkoren bat sari banaketa ekitaldira bertaratzea.