Smartlog Ointxe 3x3 taldea Kataluniako txapeldun

Mirari Altube Arrese 2026ko uztailaren 20a

Kataluniako txapeldun izan den Arrasateko taldea. (Argazkia: Smartlog Ointxe)

Badalonan jokatutako FCBQ Women 3x3 Catalunya PRO finala irabazi zuen Arrasateko taldeak, joan den zapatuan, Kataluniako 3x3 zirkuituari zegokion azken txapelketa. Eta horrenbestez, Kataluniako txapeldun izendatu zuten.

Sekulako denboraldia egiten dabil Smartlog Ointxe 3x3 taldea eta Kataluniako txapeldun izendatu izana beste mugarri bat. Garaipen horrekin, denboraldiko hirugarren titulua eskuratu du taldeak, lehen urte ofizialean egiten ari den "ibilbide aparta" berretsiz.

Taldea honako jokalariek osatu zuten: Irene Murua, Izar Bedia, Mama Dembele eta Khadiya Faye. Goizeko multzoen fasean "maila bikaina" erakutsi zuten hasieratik, The 3x3 Academy (21-13), Valencia Basket 3x3 (21-11) eta Agua y Jardín 3x3 (16-6) mendean hartuta. Hiru garaipen horiei esker, multzoko lehen postua eskuratu zuten eta zuzenean finalerdietarako sailkatu ziren.

Finalerdietan, Bordeaux 3x3 talde frantses indartsua izan zuten aurkari. Oso partida gogorra izan zen fisikoki, baina Smartlog Ointxek "defentsan egindako lan bikainari eta talde osoaren sendotasunari esker" 16-9ko garaipena lortu zuen. "Bereziki aipatzekoa da Khadiya Fayek aurkariaren jokalari nagusia bikain defendatzeko egindako lana", adierazi dute Ointxeko kideek.

Finalean zazpi puntuko aldea

Finalean, 3G Valladolid izan zen aurkaria. Lehen minutuetan neurketa orekatua izan bazen ere, seigarren minututik aurrera Arrasateko taldeak jokoaren kontrola bereganatu zuen, zazpi puntuko aldea zabaldu eta partida amaierara arte erritmoa markatuz. Azkenean, 19-12ko garaipenarekin, Smartlog Ointxek lorpen ikusgarria eskuratu zuen.

Jokalariek egindako lana balioan jarri gura izan dute eta talde lana azpimarratu: "Azken neurketan, Irene Murua izan zen erasoan taldearen erreferente nagusia. Defentsan, berriz, Izar Bediak eta Mama Dembelek lan aparta egin zuten, eta Khadiya Fayeren talentuak berriro ere diferentzia markatu zuen. Hala ere, garaipenaren oinarria talde osoaren konpromisoa, defentsako intentsitatea eta elkarlana izan ziren".

Smartlog Ointxeko taldekideak pozik.

Hiru garaipen 

Duela hilabete gutxi batzuk baino ez zen sortu Smartlog OINTXE 3x3 proiektua, Estatuko 3x3 zirkuituan lehiatzeko helburuarekin. Denbora laburrean, ordea, taldeak jauzi ikusgarria eman du: hiru garaipen eskuratu ditu eta txapelketa nagusietako azken txanpetan ohiko bihurtu da. "Arrasateren, Ointxeren eta Smartlogen izena Estatuko emakumezkoen 3x3 mapan kokatzea lortu du, eta gaur egun modalitateko talde erreferenteetako bat bihurtzen ari da", adierazi dute klubetik.

Denboraldiak, baina, ez du etenik eta datorren asteburuan Tenerifen izango da, Espainiako 3x3 Kopa jokatzen, ostiraletik larunbatera lehiatuko den txapelketan: "Kataluniako titulua eskuratu ondoren, Arrasateko taldeak beste erronka handi bati egingo dio aurre, denboraldi historiko bati beste orrialde bat gehitzeko asmoz". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak