Euskal selekzioa "geurea" dela aldarrikatzeko batu dira Arrasaten

Mireia Bikuña Madrid 2026ko uztailaren 19a

Espainiako eta Argentinako selekzioek jokatuko duten Munduko Txapelketako finalaren atarian elkarretaratzea egin dute, Herriko Plazan. "Ez gara Espainolak, ezta Frantsesak ere eta ez dugu inposatutako selekziorik onartuko. Gurea Euskal Selekzioa!", aldarrikatu dute.

Ikurrinak eskutan eta Euskal selekzioaren kamisetak jantzita batu dira hainbat herritar Euskal selekzioa. Inposatutako selekziorik ez! leloa zuen pankartaren atzean. "Euskal Herria larrialdi egoeran dago; azken asteotan ospatzen ari den gizonezkoen munduko futbol kopak agerian utzi du hori. Espainiar eta Frantziar selekzioek jokatzen duten aldiro, Euskal Selekzioaren parte-hartzea eta Euskal Herria nazio gisa ukatuak izaten dira. Hau besteak beste, Euskal Herriaren eta Espainiar eta Frantziar estatuen artean bizi den gatazkaren beste erakusleetako bat da", irakurri dute han batutakoek.

Era berean, azpimarratu dute "Espainiar selekzioak, espainolismoa lau haizetara zabaltzeko funtzioa" betetzen duela.  Eta, gaineratu dute: "espainiar eta frantziar selekzioen zuritze kanpaina basatia jasaten ari gara. Kirola eta politika nahastezinak direnaren doktrinapean, gure arteko partidua eremu neutralean jokatzen ariko balitz bezala mintzo zaizkigu, mespretxuz, gezurretan ari dela ondo dakienaren harrokeriaz. Espainiar edo frantziar taldeak babestea ez da neutrala izatea, euskal selekzioaren izateko eskubidea ukatzen dutenak zilegiztatzea baizik.  Horren aurrean, egoera hau problematizatzea ezinbestekoa da, Euskal Selekzioaren alde lerratuz eta gure herriaren askatasunaren alde borrokatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak