Arrasate Rugby Taldeak 6.000 euroko galerekin itxi du aurtengo denboraldia

Eki Letona Erretolatza 2026ko uztailaren 17a

Arrasate Rugby Taldearen batzar orokorra, martitzenean, Mojategin. Argazkia: ART.

195.000 euroko gastua izan dute; 170.000 eurokoa zen aurreikuspena

Arrasate Rugby Taldeak batzar orokorra egin zuen martitzenean, Mojategin, eta bertan bildutako bazkideek aho batez onartu zuten Ramon Barrutia presidentea buru duen Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa. Klubak amaitu berri den denboraldiaren balantzea egin, eta datozen hilabeteetarako erronkak aurkeztu zituen.

Garagardo Azokan, galera

Ekonomiari dagokionez, ARTk 6.000 euro inguruko galerekin itxiko du ekitaldia. Hala ere, klubeko diruzain Asier Urgoitiak azaldu zuenez, egoera ez da kezkagarria, "maniobra-funtsarekin galera horiei aurre egiteko gaitasuna" baitute. Klubak 195.000 euro inguruko gastuak izan dituela zehaztu zuen, eta hasieran aurreikusitako 170.000 euroak gainditu dituela. Gastu nagusiak kirol jarduerarekin lotutakoak izan dira, 100.000 eurotik gorakoak, eta gainerakoak klubak antolatutako ekitaldi eta ekimenei dagozkie. Diru-sarreren artean, babesleen ekarpena nabarmendu zuten, 50.000 euro ingurukoa izan baita.

Galeraren arrazoi nagusietako bat 26. Garagardo Azokaren emaitza ekonomikoa izan dela azaldu zuen Barrutiak: "Ez genuen lortu esperotako dirua. Agian, eragina izan zuen gurea baino astebete lehenago Mondrak bere karpa ireki izanak, baina hainbat faktoreren batura izan da. Garagardo Azoka ekonomikoki ez da bat etorri egindako esfortzuarekin". Horrez gain, entrenatzaile gehiago kontratatzeak eta autobusez egin beharreko joan-etorriek gastuak handitu dituzte.

Kirol emaitza "positiboak"

Kirol arloan, denboraldia "oso positibotzat" jo dute arduradunek. Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako emakumezkoen Geurea RTk Euskal Liga irabazi du; eta mutilek laugarren postuan amaitu dute denboraldia. Barrutiaren hitzetan, emaitzez harago, klubak pertsonak jartzen ditu erdigunean. "Ez dugu neurtzen zer postutan amaitzen dugun edo zer irabazten dugun bakarrik; guretzat garrantzitsuena da zenbat jende daukagun, zenbat etorri den edo zenbat geratu den. Giro ona izan dugu eta urte eroso eta polita izan da". 

Harrobiko taldeetan ere lana "ondo" egin dela nabarmendu zuten. Hainbat kategoriatan beste klub batzuekin elkarlanean aritu dira taldeak osatzeko. Ama taldearen, beteranoen eta errugbi inklusiboaren hazkundea ere azpimarratu zituzten.

Erronkak eta Hego Bustiak

Etorkizunera begira, klubak harrobia indartzen, nesken taldea sendotzen eta eskoletan errugbia sustatzen jarraitu nahi du. Horren barruan, Debagoieneko herri guztietan errugbi eskolak martxan jartzeko lanean ari dira, eta datorren denboraldian Oñatin, Bergaran eta Aramaion ekimen berriak abiarazteko asmoa dute.

Batzarrean, Hego Bustiak proiektu berria aurkeztu zuten. ARTk, Mondragon Unibertsitateak eta Aita Menni eta San Juan de Dios ospitaleek elkarlanean sustatutako egitasmoa da, buru-nahasmendu larria duten pertsonen errehabilitazio psikosoziala errugbiaren bidez lantzea helburu duena. "Ez da kirol proiektu hutsa; gizartean ahaztuta dauden pertsona batzuei aukera bat ematea da helburua", azaldu zuen Barrutiak. Dirua lortuz gero, proiektua urrian abiaraztea aurreikusten dute, nahiz eta oraindik finantzaketa lortzeko lanean jarraitzen duten. Hasierako asmoa astean entrenamendu saio bat egitea da, hezkuntza bereziko profesionalen eta entrenatzaileen laguntzarekin.

Klubeko arduradunek argi dute puntu askotan denboraldiarekin pozik egon arren ezin direla "lokartu". Horregatik, datozen urteetan hazten eta errugbiaren bidez Debagoienari ekarpena egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak